Hainbat aburu

Ingurugiroak gidatutako soa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2026ko apirilaren 30a

Betaurreko batzuk. (Pixabay)

Juan Ramon Alberdi kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Hainbat aburu' atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Ingurugiroak gidatutako soa'.

Adiskide batek asko irakatsi zidan iraganean. Gurutzetako ospitalean aritzen zen fisio lanetan, eta han igarotako denboraldi luzean solasaldi atseginak edukitzen genituen. Bilbo aldekoa izaki, Athletic zale porrokatua zen, eta garai hartan Reala bigarren mailan zegoenez, ez genuen futbol kontuetan eztabaida sutsurik edukitzen. Astelehen baten esan zidan igandean San Mamesen izan zela bere Athletic ikusten. Nire harriduraren aurrean, gaineratu zuen hamabost aldiro joaten zela lehoi zurigorriak ikustera. Informazio horrek ez zuen aparteko ezer edukiko nire adiskidea itsua izan ez balitz. Bai, Athletic zale itsua izateaz gain, jaiotzez itsua zen. Ez zuen inoiz argiaren izpirik ikusi. Bere azalpenen arabera, inguruan entzundako, eta batez ere nabaritutako tentsioaren, oihuen, algaren edo kexen bidez antzematen zion jokoaren nondik norakoari. Bost zentzumenetatik batek kale egiten zion, baina gainerako lauak garatuagoak izaki, beste edozein pertsonak baino hobeto baliatzen zituen.

Geroztik, sarritan gogoratu naiz adiskide haren hitzekin: "Ez da begiekin bakarrik ikusten, sarritan, inguruko giroaren bidez gehiago jasotzen duzu, zeuk bat-batean antzemandakoarekin baino". Hausnarketa hori baliagarritzat jotzen dut emanaldi jendetsuetan gertatzen den "estasiari" nolabaiteko azalpena emateko. Adibidez, bertso txapelketetan, batez ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean. Horrenbeste milaka pertsonen artean, asko bertsora horrelakoetan bakarrik gerturatu ohi dira, eta hala ere, giro paregabea sortarazten dute: bertso denak txalotuz, olatuak eginez eta abar. Bertsozale porrokatuenari ere gertatuko zitzaion noizbait, nekearen kariaz, bertso bat ondo ez ulertu eta jendearen txaloen araberako onespena ematea. Kasu honetan ez du soaren zentzumenak kale egiten, entzumenarenak baizik, baina etxerakoan inork ez du pentsatuko horrelakorik gertatu zaionik. Azken finean, informazioa beti iristen zaigu geuk uste dugun baino norabide ugariagotatik.

Jendarteko erreakzioaz harago, badugu bizimodu pribatua ere. Egunerokotasunaren guda zelaia ez da samurragoa informazioa barneratzeko orduan. Geure ustez, inork ezin dezake eragin gure pentsaeran. Gure bizipenak, geureak diren heinean, horiengandik sortutako munduarekiko ikuspegia ere soilik geurea da, nekez aldatzekoa. Alabaina, ingurugiroak baldintzatutako eszenatoki trumoitsuan, berrien uhinek dimentsio handiagoa hartzen dute ekaitza indartzen denean. Pixkanaka, ia ohartu gabe, geure apeten gatibu bilakatu gara. Iraganean oinarrizkotzat genituen baloreak defendatzen dituena, egun babaloretzat hartzen dugu. Eta laino beltz erraldoi batek utzitako iluntasuna baino beltzagoa den egia batek bildu gaitu: kapitala, herrialde bateko hiri printzipalena izateaz gain, bizirauteko beharrezkoen dugun kontzeptua da. Ia dena diruarekin eros litekeela, alegia; eta erosi ezin dena, alokatu.

Iristen zaizkigun berriak klasifikatzen joaten gara. Gure ekonomian eduki dezaketen garrantziaren araberako lehentasuna ematen diegu, eta kontu humanitarioek pixka bat hunkitzen gaituzten arren, ez digute bihotza ukitzen. Horrela, jasotako informazioa gure baitan sedimentu bihurtzen da, konturatzerako bekokiraino bete arte. 

Pablo Iglesiasi entzundakoa adibide paregabea izan daiteke esaten ari naizena eszenifikatzeko. "Aitak eskuin muturreko mitina jarraitzen zuela ikustean, alabak kasurik ez egiteko esan omen zion, gezurretan ari zirela. Aitak harrituta: nik pentsatzen dudana esaten ari da, eta nola izango da ba gezurra?".

Ez dut esan nahi puntu horretan gaudenik, baina badaezpada, hausnarketa sakon batek mesede egingo liguke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide