Hainbat aburu

Gurpilaren funtzionamendua

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2026ko urtarrilaren 25a

Gurdi baten egurrezko gurpila. (Freepik)

Juan Ramon Alberdi kolaboratzaileak abenduko Azkoitia Guka aldizkariaren Hainbat aburu atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Gurpilaren funtzionamendua.

Gizakiaren garapenean asmakizun garrantzitsua da gurpila. Bidaiatzeko, garraiorako, makinen funtzionamendurako... Ez da erraza gailu biribil horren funtzio denak aipatzea, ezta gurpila oinarritzat ez duten ekintzak aurkitzea ere. Ezen, gizateriaren garapen lerroan ezinbesteko kate begia izateaz gain, egun zibilizazio deitzen diogun antolakuntza motan ere funtsezkoa dugu. 

Haatik, garapen teknologikoez gain, talde baten funtzionamendu orekatua bermatzerakoan oinarrizkoa da antolamendu soziala ere. Antolaera hori are aberatsagoa da komunitatearen baitan ahulagoa denari laguntza edo "zaintza" eskaintzen bazaio. Sentsibilitate hori pertsonok aspalditik txertatuta dugula baieztatzen duten zantzuak indusketa arkeologikoen bidetik iritsi zaizkigu: gabezia larriekin urte luzez biziraundako pertsonen arrastoak aurkitzean, taldearen baitan jasotako babesa islatzen da. Egun ere, babes horrekiko kontzientzia dugula esan daiteke, baina sarritan gertatzen da ustea bete gabe uztea.

Gizateriaren bi aurrerakuntza horiek elkartuta agertzen dira desgaitasuna dutenen (dugunon) bizitzan. Biak bateratu ditugu desgaitasuna bistaratzeko sinboloan: mugikortasun murriztua duenarentzako aulkia eta horri atxikitako gurpilak: gurpil aulkia. Ez da lorpen makala, batez ere, modu ageriagoan uzten dituelako herritar batzuen beharrak edo premiak. Nahiz eta era berean, desgaitasuna eduki arren, gurpil aulkia erabiltzen ez dutenen identifikazioa zailagoa gertatzen den. Baina, zentra gaitezen gurpil aulkiaren sinboloaren bi osagaietan: gurpila eta desgaitasuna duen pertsona. Teoriak dioena eta errealitateak islatzen duena.

Gurpilari dagokionez, lana horrenbeste erraztu zuen asmakuntzarekiko erabilera berriak erdiesten ari gara. Aurreko batean idi parea ikusi nuen errobera erraldoi bat arrastaka eramaten, eta pentsatu nuen gurpila asmatu aurretik horrela funtzionatuko zuela garraioak. Are okerragoa izan zen gurpil izugarri bati aldamenetik heldu eta kontrako erara (lauki bat bailitzan) buelta emanez tematuta zebilen gaztea. Une batez begira egon ondoren pentsatu nuen, ibiliaren ibilian, gurpilaren funtzionamendua ahantzi egin zaigula. Lan gogorrak makinei uzten dizkiegun heinean, gorputza aktibatzeko beharra pizten zaigu, eta gorputzaren gaitasunari sekulako garrantzia ematen diogu. Gimnasioak, mendi maratoiak... Dena da dema, batez ere erlojuaren kontra deitzen zaion norbere buruaren aurkako ekintza. Eta geure burua gainditu gura horretan, ahaltsuak ahalduntzen ditugu eta ahal gutxiago dutenak gutxietsi.

Ondorioz, desgaitasuna duen pertsona bigarren lerrokotzat hartzen da, nolabait, desgaitasunarekiko kontzientziazioa eta praktikaren arteko desoreka islatuz. Desgaitasuna duenak egunerokotasunean aurkitzen dituen trabak anitzak dira. Batetik oztopo fisikoak. Esaterako, garraio publikoa ez da publiko ororentzat: igotzeko arrapalen zalantzazko funtzionamendua, garraioaren baitako erosotasun falta, edo, sarritan geltokian geratu beharra, traba horien erakusleak dira. Eta norberaren autoari dagokionez, askotan aparkaleku egokituei behar bezalako erabilera ez zaie ematen. Horrez gain, espaloien eta karriken egoera ez da beti oso irisgarria izaten. Alta, bada beste baztertze modu bat are latzagoa dena: sinbolikoki jasandakoa. Irisgarritasuna eraikinen "atzeko atetik" bideratzea; garraio publikoaren ganorazko antolamendu txarragatik galdutako denboraren errua bidaiariek desgaitasuna duenari egoztea; edo aparkatzeko txartela edukitzea "sekulako zortea" dela kontsideratzea.

Gurpilaren funtzionamendua ahaztu izanarena txantxatzat har daiteke, baina desgaitasuna duten pertsonei buruzko kontzientziazioan ezin dugu ahantzi duintasunez bizi ahal izateko eskubideak ditugula eta ez pribilegioak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide