Aitortu beharra daukat Gorka Urbizuren lana oihartzun mediatikoagatik gehiago ezagutu izan dudala bera zuzenean jarraitzeagatik baino. Haatik, inoiz berandu ez delakoan, bere abesti zoragarri bat deigarria iruditu zait: Etorkizuna ginenean. Izenburu gisa erakargarria izateaz gain, oximoron hau esaldi edo aforismo lez ere ez da makala. Iragana eta geroa garaikide bilaka daitezkeela erakusteko modu paregabea. Ezen, orainaldia biez osatzen da: iragana oroitzen dugu eta etorkizuna irudikatu, baina bien arteko lotura ukaezina da.
Alabaina, Urbizuren kantak helburu zehatzagoa du jomugan: gaztarotik helduarorako igarobidean jasaten dugun aldaketaz ohartaraztea, alegia. Ezen kontraesana dirudien arren, gaztetan mudatu nahi den errealitatea helduaroan testuinguru erosoagoa bilakatzen zaigu, nolabaiteko konformismo sentsazioa sortaraziz. Eta horrek krisi existentzialera bideratzen gaitu: mundua aldatu nahi izan arren, mudatu gabeko agertokira egokitzen garelako. Izan ere, uste baino zailagoa da gutiziaz eta injustiziaz ugertutako mundu zahar hau itzularaztea.
Ildo horretan bada esaldi bat, zeinak, alde egon edo ez, zer pentsatua sorrarazten duen: "Gaztetan komunista ez denak, ez dauka bihotzik; eta helduaroan komunista izaten jarraitzen duenak, ez dauka bururik". Zalantzarik ez dago esapide horrek eskuindar konnotazio nabarmena duela, baina ñabardurak ñabardura, Gorka Urbizuren abestiak esaten diguna gogoraraz dezake: aldaketa zaila dela, eta eragozpen horien kariaz amore ematen dugu. Alabaina, zergatik gertatzen da hori? Zerengatik sortzen zaigu konformismo puntu hori? Norbanako bakoitza mundu bat den heinean, arrazoiak ere askotarikoak izango dira. Alabaina, jomuga berean pertsona askok bat egiteak planteamendua erraz dezake: gizartean nolabaiteko aterpea aurkitutakoan, injustizia sozialaren ekaitzak gutxiago arduratzen gaituela.
Haurtzaroan, teoriaz bederen, zuzentasunean ardaztutako heziketa izaten dugu. Gero, gaztaroan, munduaren injustiziaz ohartzen gara eta aldaketaren beharra ozen aldarrikatzen dugu: mundua ez da azaldu ziguten lorategi orekatu, zaindu eta polita; baso trakets eta bortitza baizik, non bakoitzak ahal duen moduan moldatu behar duen. Kontsumismoaren lore iragankorrak eskuratzeko ahaleginean murgildurik, norbanakotasuna zein egoismoaren sasitzan barneratzen gara eta irtenbidea aurkitzeko ahaleginean, geuretzako bidezidorrak soilik bilatzen ditugu, nolabait besteentzako bide zein eskubide oro ahantzirik. Eta materialismoaren sos bila, lagun hurkoaren SOS seinaleari entzungor egiten diogu.
Horrek guztiak kapitalaren gatibu bilakatzen gaitu. Xabier Letek Izarren hautsa abesti zoragarria idazterakoan zioen gisan: "Diru zakarrak bihotzik ez du, lotuko dute gogor ta estu...". Eta horrela gaude geure apetaldietan kateatuta. Bihotzak esandakoari entzungor egiten dioen buru zentzuduna eta adimen sen huts-duna gidaritzat hartuta. Salbuespenak salbuespen, ezkerretik eskuinerako jauzi hori sarri ikusi izan dugu gure politikarietan, nolabait denentzako justizia aldarrikatzetik, eurentzako gutizia bilatzera igaroz. Horregatik, politikari baten koherentzia eta xumetasuna mundu mailako notizia bilakatzen denean, denon aintzatespena jasotzen du. Nabarmenetakoa, duela gutxi joan zitzaigun Pepe Mujica da. Uruguaiko presidente ohiak ez zuen inoiz bere bizimodu apala aldatu: herrikideen gehiengoa xumetasunez bizi zelako, bera ere hala bizi zen.
Politikarien artean nabarmentzen dugu Pepe Mujica, benetan pertsona zintzo eta erostezina zelako. Alabaina, herritarrontzat ere ez da jarraibide txarra. Ez ahaztu, oraindik etorkizuna gara, kontua da zein eredu jarraitu nahi dugun.