Ilargiaren gorabeherak

Juan Ramon Alberdik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ilargiaren gorabeherak'.

Artikulu hau idazten ari naizen bitartean, udaberriaren zantzuak nabari ditut nire ingurugiroan: egunsentiko birigarro eta zozoen txorrotxio alaia, zuhaitzen eta landareen ernamuintzea, kukuaren kantu tematia edo tximeleta ahalketsuen hegaldi zalantzatia. Eguna ere luzatzen doa, eta neguak uhertu edo nagitutako animoa berpiztu nahian dabilela dirudi bizidunon artean. Zorroztutako eguzki printza horien akuilu-kada are eta ziztakariago iristen zaigu landa eremuan bizi edo naturarekin nolabaiteko harremana dugunoi. Esaterako, negu osoan geure antzera lozorroan egon den baratzaren lokuma desagertzen hasten denean, eta bide batez, gure nagitasuna ezbaian jartzen duenean. Ez dut esango baratzea edukitzea madarikazioa edo horrelako zerbait denik, abantailak baditu, noski: norberak ekoiztutako eta zaindutako barazkiak eskuratzea pribilegioa da. Baina baita bere eragozpenak ere, esaterako, lana egin beharraz gain, haziek ereiteari edo landareen landaketak noiz egiteari buruzko zalantzak.

Duela urte gutxira arte kasu gehiegirik egin ez badiot ere, beti entzun izan dut ilargiak sekulako garrantzia duela baratze lanak egiterakoan. Ilgora eta ilbehera sakratuak ziren gure arbasoentzat, eta sarritan entzun izan nizkien gurasoei halako hazi edo holako landarerekin lotutako ilargiaren fasearen zehaztasunak. Eta ilargiaren fasea diot, ilargi beteaz eta ilberriaz aparte, ilbehera eta ilgora nabarmentzen zituztelako. Fase horiek ilargiaren formarekin lotuta daude, eta duela urte batzuk, gazteleraren bidez ikasi nuen haiei igartzen: La luna siempre miente. Horrela, ilargiak C forma duenean, creciente ordez, decreciente da; aldiz, D forma duenean, decreciente ordez, creciente. Horrelako aurkikuntzarekin prestatuta ikusi nuen nire burua ilargiaren edozein fase edo asunto argitzeko, baina ez. Dirudienez, ilargia eta berarekin lotutako lanen kontua hori baino korapilatsuagoa da. 

Erreparatuz gero, ilgora eta ilbehera ez dira creciente edo decrecienteren itzulpenak. Are gehiago, gazteleraz ere badira ilargia ascendente eta descendiente esamoldeak. Gaztelerazko lau esamolde hauen artean dagoen ezberdintasuna ilargiak Lurrarekiko egiten duen translazio mugimenduan datza, baina ñabardura batekin: creciente, decreciente orbitan zehar eguzkiak islatutako argiaren araberako formaz diharduten bitartean, beste biek (ascendente, descendente) ilargiak Lurrarekiko duen orbita zeiharrean dute oinarria, zeinaren bidez, lurrarekiko mugimenduan igotzen eta jaisten den. Horrela, orbitak irauten duen 28 egun eskasen erdietan, ilargia goranzko bidean joaten da; beste erdian ostera, beheranzkoan. 

Alabaina, euskaraz ilgora eta ilbehera esamoldeak soilik erabiltzen ditugu, eta sarritan arestian aipatutako ilargiaren faseaz edo ikusten ditugun formaz aritzeko, eta ez gorantz edo beheranzko mugimenduaz. Jagoba Errekondori entzun izan diot oker linguistiko horren errua gaztelaniak gure hizkuntza kolonizatu izanaren ondorioa dela (testu honek duen gaztelania kutsaduran ere nabaritzen dena), nolabait, itzulpen okerra eginaren poderioz, ilargiarekiko interpretazio erratua eraginez. Izan ere, ilargiak irudikatzen duen formak baino, horrek Lurrarekiko hartzen duen goranzko edo beheranzko mugimenduak askozaz eragin handiagoa ei du landareengan.  

Gaztelaniaren kolonizazio horren bidez esan daiteke euskaldunok ilargi kontuetan "ilargian" egon garela. Are gehiago ilargia, satelitea izaki, gezurretan aritzen bada, beste hainbat "satelitek" zenbat faltsukeria sartu ote dizkigute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide