Errimekiko disonantzia

Juan Ramon Alberdik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Errimekiko disonantzia'.

Iazko udazkenak azken ostikadak ematearekin batera izan ziren, aspaldian, bertso munduan eskainitako esku-zarta handienak ere. Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta hamahiru mila lagun baino gehiago bildu ziren bertan, azken bost urteetan jazo den bertso-festa erraldoiena bertatik bertara ikusteko, entzuteko eta gozatzeko xedearekin. Eta emaitzaren arabera, helburua ongi baino hobeto bete zuten. Beste asko izan ginen telebista edo irrati bidez jarraitu genuenak, eta bertakotasunak eskaintzen duen giroaren faltan, bertsoen magiaz gozatzeko aukera izan genuen. Oso zirraragarria egin zitzaidan gertakari hura, eta ia hilabete bi igaro diren arren, oraindik ere bere inguruan entzundako eta hausnartutako hainbat kontu buruan darabiltzat. Ezen, horrelako ekitaldi soziokultural erraldoiak kontuan hartu beharreko hari-mutur batzuk bistaratu dizkit.

Horietako zenbait bertsolaritzaren barruan jazotako aldaketei buruzkoak izan dira, esaterako, bertsoaren bizkortasuna eta hausnarketa sakonagoak biltzen dituen errimazko istorioen arteko diferentzia; baina horiek adituen esku uzten ditut. Nire ardura, bertsozale gisa, jendearen baitan hautemandako kezken edota desadostasunen bidetik lerratu da. Batez ere bi azpimarratuko nituzke: bata, egungo bertsolariek erabiltzen dituzten zenbait hitz ez direla ulergarriak; eta bestea, iraganean bertso- munduak zuen landa-eremuko kutsua, egun esparru urbanora higitu dela.

Lehenari buruz esan beharra dago bertsolarien hizkuntza ulergaitz bilakatzearena ez dela egungo arazoa, iraganean ere gertatzen zen. Gogoan dut, gaztetxoa nintzela, nire oso gertuko pertsona bati Xalbador bertsolari handiari nahi bezain ondo ulertu ezinak sortarazten zion arrangura. Lazkano bertsolariari entzunda zeukan Xalbador izugarrizko bertsolaria zela, baina Iparraldeko euskalkia bide, ezin zion esaten zuen guztia behar bezala entenditu. Are gehiago, ulergaiztasun hori medio, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Xalbador buruz burukorako izendatu zutenean, ikuslegoak hain famatuak bilakatu diren txistuak jo zizkion. Nire iritziz, bertsolariei ulertu ahal izatea entzulearen ardura gehiago da bertsolariarena baino. Euskara ongi menperatzen ditugun euskalkien soinua baino zerbait gehiago da. Hor dago euskaldunok egin behar dugun saiakera. Gaztelania hizkuntza oso aberatsa ei da, baina aberastasun hori sinonimoek eta era askotariko espresioek ematen diote. Beraz, bai bertsoak ulertzeko zein egunerokotasunean erabiltzeko, aberasteko ahalegin hori ezin bestekoa dugu. Eta egun, duela 50-60 urte baino erraztasun gehiago ditugu horretarako.

Bertsoak baserri girotik beste eremu eta ingurugiro batzuetara eginiko jauziari buruz esango nuke zenbait pertsonengan zerbait harrapatu diotenaren sentsazioa nabaritu dudala. Alabaina, bertsolaritzak esparru orotarako balio du, eta betidanik funtsezkoa izan duen hausturarako joera egun ere oso nabarmena da. Bertsoa aldarrikapen bide bilakatu da, eta egungo gai sozialen garrantzia periferiaren aurpegitik jorratzen du. Feminismoa ardatz hartuta, genero berdintasuna, LGTB kolektiboaren eskubideak edo justizia soziala modu argian tratatzen dira. Gizartean "aho txikiarekin" normalizatutako gai horiei bertsolaritzak kantu ozena eta bozgorailua eskaintzen dizkie komunitatean txertatu ahal izateko, eta gainera, euskararen bidez; nolabait, arazoei buruzko hausnarketak euskaraz eginez eta irtenbidea emanez.

Saia gaitezen, beraz, euskararen mugak eta gure baitako helmugak zabaltzen. Bertsoen ulermenaz gain, geure mundu ikuskera ere aberatsagoa bilakatuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide