Atzera begira jarrita, ez dira urte gehiegi igaro Ibarretxe jaunak "vascos y vascas" esaldia errepikatzen zuen garaitik. Egia esateko, orduan ez nion zentzu gehiegirik hartzen. Alabaina, berandu bada ere, ikasi nuen aipatzen ez dena ez dela existitzen. Alegia, "vascos" esaldiak, bere horretan, gizonezkoak soilik hartzen dituela kontuan, emakumeak suposizioaren itzal ilunean utziz. Egiari zor, euskarak tresna hobeak ditu genero berdintasuna bermatzeko: "Euskaldunak" terminoak gizon, emakume eta binarioak ez diren generoak ere bere baitan hartzen ditu, eta alde horretatik, zortea dugula esan dezakegu.
Alabaina, hizkuntzaren egiturak gizonon ikuspegitik eraiki izan dira. Gizaki, gizarte, gizalege eta abar denek, soilik gizona dute kontuan. Horregatik, berdintasuna adierazten duen termino baten bila hasitakoan, "pertsona" deitura oso egokia iruditu zitzaidan, pertsonaren baitan gure espezieko izaki oro sartzen delako. Alta, termino honek ere baditu bere gorabeherak. Marcel Mauss antropologoak dioenez, "pertsona" terminoak maskarapean aritzen den pertsonaia du oinarri. Gerora, pertsona gisa bilakatuz eta sozietate ezberdinetan konnotazio desberdinez hornituz. Baina, oinarrian, "pertsona" terminoak maskarak ostendutako izakia adierazten du, beraz, agian ez da izendapen egokiena. Horrek guztiak erakusten digu hizkuntzen egiturak korapilatsuegiak direla duintasuna eta berdintasuna adierazteko.
Aldiz, gizarte egituretan erreparatzen badugu, eta egungo neoliberalismo garaiak kontuan hartuz, sortu diren erlazio asimetrikoek termino zehatz batengana bideratzen gaitu: "Norbanako". Norbanako bakoitzak geure interesak ditugu, eta edozein zirkunstantziaz baliatzen gara interes horiek defendatzeko, besteak beste, tokian tokiko eta garaian garaiko egoerek bultzatutakoa egitea. Esan daiteke talde lez berdintasuna islatzen dugula, baina norbanako gisa interes ezberdinek bideratutako diferentzia nabarmenak ditugu. Barkatu atrebentzia, baina gure izaera zebrenarekin alderatzea otu zait: begiratu batera berdintasuna erakutsi arren, bakoitzaren marretan erreparatuz gero, denak ezberdinak dira.
Gizartearen egiturak ere norbanakoentzat marrak edo legeak jartzen dizkigu. Alabaina, bazterketa edo diskriminazioa medio, bakoitzari era ezberdinean eragiten digute. Horregatik, lehiaren oihanean aurkitzen gara, non botere erlazioa eta norgehiagoka etengabea diren. Eta hor ere badugu zebren antzik. Ezen, aforismo afrikar batek dioenez: "Zebra batek lehoiarengandik ihes egiteko, ez du zertan lehoia baino bizkorragoa izan, baizik eta beste zebrek baino azkarragoa". Gu ere kontsumismoaren belardian aurkitzen gara, berdinak garenaren itxuran, baina aldamenekoari so. Izan ere, aspaldi askatu zituzten kapitalismo bortitzaren lehoiak, eta guk, atzera begiratu eta pizti horiei aurre egin ordez, iheserako hautua egiten dugu. Ondokoaren arnasestua norberarena baino larriagoa denaren itxaropenarekin, itzulerarik gabeko lasterketan murgilduak gabiltza.
Halaber, pizti horien atzapar eta hortzeriatik igarotzen dena periferiako estoldetara bideratzen da, non frakasoa eta txirotasunaren lekuko bilakatzen den. Alabaina, zenbat eta gehiago elikatu, katu erraldoi horien gosea are eta handiagoa da, ez da asetzen. Eta, bien bitartean, norbanakoen taldea gero eta urriagoa izateaz gain, partaide azkarrago eta zuhurragoz osatuta dago. Eta aldamenekoaren arnasotsa harraparien aho-lurrinarekin nahasten den bitartean, gizartearen egitura sostengatzen dugun norbanakoen tropelak aurrera dihardu.