Hiztun legitimoak

Erabiltzailearen aurpegia Josune Herrarte 2024ko mar. 13a, 15:20

Josune Herrartek otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Hiztun legitimoak'.

Jone Miren Hernandezek eta Jaime Altunak hitzaldi ederra eskaini zuten joan den udazkenean Azkoitian. Ohi duten zorroztasunez azaldu zituzten Jaimek egindako tesiaren ondorioak Gazteak eta hizkuntz- ondoeza. Azalberritzearen erronka izeneko hitzaldian. Bertan aipatu zuen Jaime Altunak hiztun legitimoak terminoa, esanaz gazteak oraintxe euskaraz, oraintxe gaztelaniaz aritzen zirela, hizkuntzaren funanbulistak zirela eta ez zirela askotan hiztun legitimo sentitzen. Aipatutako kontzeptuak zerbait piztu zuen nigan berehala, hiztun legitimo ez izatearen sentimendua sumatu izan dudalako inguruan askotan.

Baserritarra, euskara bizi, adierazkor eta ezin aberatsagoan berba egiten duena. Ia egun batetik bestera, "ikusi dizut", "ez ibili korrika" eta horrelakoak entzuten zaizkio. Zer da eta, iloba ikastolara hasi zaio eta haren hizkera imitatu nahian dabil harrezkero, bere hizkera, ikastolan ikasiaren aldean traketsa eta baldarra delakoan, ez behar bezain ona.

Beste egoera bat, Azkoitira edo antzeko herri batera iritsi den irakasle euskalduna, hiritik datorrena, EGAduna, euskara zuzenean mintzo da. Halako batean, Azkoitira iritsi eta ikasleak bertako hizkeran, azkar hitz egiten ari dira, askotan hika. Lehenengo kolpean ez die ulertzen eta bat-batean konplexuz bete da. Euskalduntzat zuen bere burua, baina orain iruditzen zaio agian ez dela hala, eta euskaldun osoa izateko zerbait falta zaiola, deseroso eta triste sentitzen da.

Euskarak hiztun guztiak behar ditu, legitimoak, ez legitimoak eta sasikoak

Gizon gaztea, arkitektoa, oso jantzia. Guraso biak Burgoskoak; bera, ordea, herri euskaldun batean jaio eta hazia, ikastolako umea. Gaztelania dotorean hitz egiten du, bai eta euskara dotorean ere, bere lanbideko hizkera teknikoa barne. Baina esaten du bera ez dela euskaldun-euskalduna, ez da etxetik euskalduna eta zerbait falta zaiola sentitzen du, ez delako etxetik euskalduna. Euskaldunok "beste zerbait" omen daukagu, berari falta zaiona.

Horiek guztiak bizitzan tokatu zaizkidan egoera errealak dira, eta ez dira guztiak, gehiago ere aipatu ahal izango nituzke. Kasu guztiak penaz eta inpotentziaz bizi izan ditut. Harrigarria da sentimendu hori zein errotuta zeukaten eta horri buelta ematea zein zaila den. Alferrik esan nien denei hori euren iritzia baino ez zela, guztiz subjektiboa, eta beste edozein bezain euskaldun zirela.

Eta horrek guztiak eramaten nau hauxe galdetzera: nor da ba orduan herri honetan hiztun legitimo? Zerbait ez dugu oso ondo egin hainbeste jendek horrelako sentimenduak baldin baditu. Izan ere, gure hizkuntza ez dago ba oraintxe akreditazioak eskatzen hasteko. Hiztun guztiak behar ditu, legitimoak, ez legitimoak eta sasikoak, ea buruan sartzen zaigun!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide