Neskei ez zaie hika egitea gustatzen

Erabiltzailearen aurpegia Josune Herrarte 2016ko uzt. 19a, 11:07

Niretzat, hitanoa gauza ezaguna izan da ume-umetatik, normaltasunez entzun izan dut inguruan, toka eta noka, biak berdin, kasuan-kasuan zegokiona. Baina, hori bai, etxeko eta lagunarteko kontua izan da beti, ni bizi nintzen inguruan ez baitzaio inori hika egiten lehenengo hitzean. Hitanoak adiskidetasuna, konfiantza, gertutasun berezia adierazten du, eta, nahiz eta adin berekoak izan, ezezagunari hika egiteko ohiturarik ez dugu izan, ez eta senar-emazteen artean tratamendu hori erabiltzekorik ere. Adiskidetasuna finkatzen zen heinean pasatzen ginen zuka egitera, eta senar-emazteen artean, berriz, beti zuka.


Duela hogei urte Azkoitira bizitzera etorri nintzenean, gaztea nintzen, objektiboki gaztea. Orduan hasi nintzen hemengo jendea ezagutzen, eta denek edo ia denek hika egiten zidaten. Lehenengo hitzetik hika! Eta neskak baldin baziren are eta gehiago. Aitortu behar dut hasieran gogortxoa egiten zitzaidala, inondik ere ezagutzen ez nuen jendeak nirekin konfiantza handiegia hartzen zuela pentsarazten baitzidan. Laster konturatu nintzen, ordea, arau sozialak diferenteak zirela Urola alde honetan eta jendeari berez, ohituraz ateratzen zitzaiola hika egitea, eta gustura hartu nuen berehala. Nahiz eta niri oraindik ere ez zaidan ateratzen ezagutzen ez dudanari hika egitea.

Hogei urte geroago, orduan ezagututako neska eta mutil gazte haietako asko guraso dira. Eta haien seme-alabek, edo hobeto esanda alabek, gaur egungo gazteek alegia, ez dute hika egiten. Eta niri, aitortzen dizuet, ulertezina egiten zait hori. Nolatan aldatu dira gauzak hainbeste belaunaldi batean? Gu gazte ginenean ezagutu ere egin gabe hika egiten zidaten haiek ez diete nonbait beren seme-alabei hika egiten irakatsi. Ondorioz, seme-alabek ez dituzte hitanoaren oinarrizko arauak ikasi, eta gazteen artean zeharo aldrebestu da erabilera. Neskek egin ere ez dute egiten, ez omen zaie gustatzen, eta mutilek, aldiz, erabat erabiltzen dute, arau sozialetan gertatu diren aldaketak gorabehera, tokatzen denean eta ez denean, menpeko esaldietan, toka eta noka bereizi gabe, norekin ari diren kontuan hartu gabe. Hikaren hiper, super eta piper erabilera: hiperrika.

Eta gurasoek seme-alabei, aldiz, zuka; eta nik, berriro diot, ezin ulertu. Duela urte batzuk mundu guztiari, ezagunari eta ezezagunari hika egiten zieten haiek, etxe-etxekoei, beraien ondorengoei ere ez egitea orain. Belaunaldi batean transmisioa hainbeste eten izana. Gure herri honetan hain bizirik zegoen erabilera, neurri batean identifikatu ere egiten gaituena, horrela galtzen uztea… Hitanoa altxor handia da. Nolatan ez gara konturatzen? Hitzez esaten ez diren gauza asko adierazten ditugu hika eginda soilik; batak besteari berdinak garela aitortzen diote hika ari diren hiztunek, konplizitatea, gertutasuna, umorea, ludikotasuna eta, nola ez, haserrea ere adierazten ditugu… Munduak beste kolore bat hartzen du hika hitz eginda.

Eta neskei gustatzen ez. Zergatik ote? Nago arrazoi nagusienetakoa transmisioan egon den hutsunea dela, besterik ere egongo den arren, jakina. Barakaldon nekez egingo dute hika, baina gurean bizi da, eta gure ardura da galtzen ez uztea; are gehiago, gure ardura da gure herritik kanpora ere zabaltzea! Ez diezaiogun galtzen utzi!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide