Ezjakin hutsa zara, eta eskolan Xabier Munibe Peñafloridako kondeari buruz hitz egiten dizute: dena da loria, dena harrotasuna; gutariko bat zen, Azkoitikoa, ilustratua, bere garaira aurreratutako gizona, jakintza, musika eta aurrerapena maite zituena. Ez dago zure baitan zalantzarako tarterik, hori irakasten badizute, merezi duelako izango da.
Urteak joan dira, Iñigo Aranbarriren Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna duzu esku artean, eta herriko heroiaren irudi argitsuan itzalak ere egin du bere lekua. Haren klasismoak harritu zaitu gehien. Ahaztezina da eszena: "opariak" zintzilik dituzten zortzi enbor irristakorrez osatutako egitura (donibane-zuhaitza), eta herri gosetia enborretan gora egin nahian, oiloak, ogiak eta haragi zatiak eskuratzeko, jauntxo ilustratuek, hainbat delicatessen eskueran, balkoietatik jendailari barre egiten dioten bitartean; ardoa ere badu debalde herri xeheak iturrian, jakina baita hura dela mozkorra, ez handikiak. Irudiak krudela dirudi. Are gehiago jakinda urtebete geroago, 1766an, goseak eragindako altxamendua izango dela Azkoitian, eta jauntxo horiexen errepresioa, ezin bortitzagoa: matxinatutako Azkoitiko eta Azpeitiko dozenaka gizon Oraneko edo Ceutako espetxeetara bidaliak, hil arte. Testuinguru historikoa ulertu behar dela esango dizute, ez dagoela gaurko begiradarekin hura epaitzerik, baina 1789ko iraultza sustatu zuten ilustratuek lehendik epaitua zuten, antza.
Handiegia da bi liburu irakurrita ustezko kontraesan oro argitzeko asmoa
Gauzak okertzeko, bigarren liburu bat irakurtzea egokitu zaizu, Kepa Altonagaren Patrizioak eta plebeioak. Zer diren iritziak, beti pentsatu izan zenuen Xabier Munibe euskararen alde zegoela, euskalduna eta ilustratua izateak automatikoki gure hizkuntza maitatzea ekarriko balu bezala. Baina eliteentzat idazten omen zuen, eta haien hizkuntza –eta kultura– harremanak espainolez edo frantsesez bide ziren, ez baitzuten euskara arlo horietarako gaituta ikusten, eta, okerragoa dena, gaitzeko asmorik ere ez. Adibidez, El borracho burlado (Hordi engainatua) antzezlan "elebidunaren" %82,2 (edo gehiago) gaztelaniaz dago, eta gainerako %17,8 bakarrik euskaraz. Altonaga are argiagoa da Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen hezkuntzako hizkuntza-politika aipatzen duenean: eskoletan, gaztelania bakarrik, euskararen debeku esplizitua, eta zigorrak euskara erabiltzen zuten haurrentzat. Argien eta Arrazoiaren mendean, herria gidatzen zutela ziotenek eskolako atea ixten zioten beren hizkuntzari. Ondorioa: "Dirudienez, elkartearen estatutuetan badago euskararen aldeko aipamen laxoren bat –pulir y cultivar la lengua bascongada–, baina aldarrikapen epelotzo horiek ez ziren paperetik hara inora iritsi... Arrazoiak desarrazoi, nulua izan da Peñaflorida kondearen ekarpena gure letretara, eta beste horrenbeste gure ilustratuena. Hutsaren hurrengoa".
Altonagaren saiakera berriro ere. Herriko inor gutxiri ezaguna egingo zaion izen bat, Jose Ignacio Arana jesuita azkoitiarrarena. Luis Luciano Bonaparterekin izandako gutun-trukean eta bere itzulpenetan, "hizkuntza larrekoa" "noranahiko" (Lizardi) bihurtu nahian, Bonaparte printzearen iritziaren aurka. Paradoxiko deritzozu Azkoitiko ikastolak Xabier Munibe izena izateari, eta ez, esaterako, Inazio Arana edo besteren bat. Baina handiegia da bi liburu irakurrita ustezko kontraesan oro argitzeko asmoa. Ezjakinaren ajeak.