Non hago, Erromako artzaina?

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2026ko urtarrilaren 5a

Leon XIV.a aita santua. (Vatican News)

Joseba Epelde kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren azaroko aldizkariaren Hainbat aburu atalerako idatzitako iritzi artikulua: Non hago, Erromako artzaina?.

Naturaz gaindiko fenomeno batzuek ez dute logikarik. Horren adibide da komunikabideek gai bat agerrarazteko, anplifikatzeko eta, jarraian, aitaren batean ahazteko duten gaitasun misteriotsua. Eta ez dago Vatikanoko konklabeak baino erritu bedeinkatuagorik zertaz ari naizen ulertzeko. 

Bai, konklabeaz ari naiz, milioika ikusle izaten dituen kamerarik gabeko reality show horretaz. Aita santu batek abdikatzen duenean, hiltzen denean edo, besterik gabe, bira zerutiarrean joaten zaigunean, planeta osoak jakin-min teologikoaren bat-bateko erupzioa izaten du. Atzo Itun Zaharra BOEren iazko edizio batekin nahastu zuenak gaur 1978ko konklabeak XXI. mendeko geopolitikan izan zuen eraginari buruz hitz egingo du, adituetan adituena balitz bezala. 

Komunikabideek, berriz, artilleria astuna hedatzen dute: tximinia batek (bai, tximinia bat) nola funtzionatzen duen azaltzen duten grafikoak, kearen koloreei buruzko infografiak –aita santuaren Erromako zubia balitz bezala– eta kardinal "faboritoen" profil psikologikoak, zer gosaltzen duten eta kardinalen batezbestekoak baino irribarre gehiago egiten duten zehaztuz, betiere txutxu-mutxuen aldizkari batek emango lizkizukeen funtsik gabeko xehetasun guztiekin.

Mundua paralisian sartzen da. Gerrak? Klima aldaketa? Ustelkeria politikoa? Horrek guztiak itxaron dezake, eta itxaron beharko du. Aita santu bat aukeratzen ari dira! Erredakzioek larrialdi protokoloak aktibatzen dituzte: norbait bidaliko dugu Erromara, San Petri basilikako kupulan dagoen uso baten zirina grabatzea besterik lortzen ez badu ere. Ez dadila esan gertakaria ez dugula epizentrotik jarraitzen! Eta telebistako solasaldiak: propio ibili beharko duzu bilatzen, joan den aita santuari eta etorriko denari buruz hitz egiten ez duen kate bat topatu nahi baduzu.

Eta, halako batean..., fumata zuria. "Habemus Papam". Herriak oihu egiten du, fededunek txalo egiten dute eta hedabideak halako estasi liturgiko batean sartzen dira. Aita santu berriaren izena aztertzen, xehatzen, interpretatzen eta psikografiatzen da, hurrengo euro milioiaren zenbakiak barnean gordeta balitu bezala. Ordu batzuetan, munduko gizonik aipatuena da. Eta, gero, ekaitzak trumoi eta tximista latzenak jasanarazi dizkigunean... isiltasuna. 

Bat-batean, konklabea radarretik desagertzen da. Jarraipena odolustu egiten da, oinarririk gabeko fede gisa. Non daude orain eklesiologian adituak? Zer gertatu zitzaion betiko harridura aurpegia zuen kardinal nigeriarrari? Eta Erromara bidalitako korrespontsal hari, "jet lag espiritualaren" biktima zen berari? Denak itzultzen dira beren kobazulo mediatikoetara. Tximinia, triste eta ahazturik, iturgintzako dekorazio objektu soil bihurtzen da berriro. Eta aita santu berriaren izena, berriz, Athleticeko jarraitzaile batzuek izaki jainkotiar baten seinalea zela pentsatu zutelako gogoratuko dugu handik bost hilabetera, ez beste ezergatik.

Izan ere, garrantzitsuena ez zen ez aita santua, ez konklabea, zertaz hitz egin izatea baizik; espektakulua, azken batean. Hurrengo gertakaria iritsi arte. Agian meteorito bat, mundiala edo, hamaika aldiz hobeto, errege-erregina batzuen ezkontza. Izan ere, begi bistakoa bezain bitxia da gaurkotasunaren funtsezko osagaia edo sekretua: artifiziala izatea, eta iraungitze data barnean txertatuta duela erne eta inposatzea. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide