Hainbat aburu

Zergak eta inozoak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde

(Freepik)

Joseba Epelde kolaboratzaileak apirileko Azkoitia Guka aldizkariko Hainbat aburu atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Zergak eta inozoak.

Duela urte batzuk, Eduardo Inda kazetariari entzun nion inozo galanta dela zergak ordaindu nahi dituen oro. Espainiako telebista kate batean esan zuen, garai hartan ikus-entzule asko zituen eztabaida saio batean. Ildo beretik, ez da asko Antonio Garamendi Espainiako patronalaren buruak langileok soldata gordina jasotzearen alde jardun duela, Ogasunak, zergen bidez, geurea den zerbait kentzen digula iradoki nahian edo.

Badaki zerbait gizakion izaeraz edo grinez halako adierazpenak egiten dituenak, denok nahi baikenuke diru gehiago geure poltsikoan, zenbateko potoloagoa kontu korrontean; gutxi-asko, denoi ematen digu min errenta aitorpenean ordaindu behar izateak edo obra zein konponketa batean BEZa kostuaren oinarriari gehituta ikusteak. Gainera, alderdi horri soilik erreparatzera gonbidatu nahi gaituztenek –gero eta gehiago diren susmoa dut– zerga bidez jasotako diruaren erabilera traketsenak ekarriko dizkizute gogora, arrazoi osoz behin baino gehiagotan.

Alabaina, poltsikoan sos gehiago izateko ametsok badute –besterik da ikusi nahi ez izatea– beren ifrentzua. Har dezagun, esaterako, gure artean sekulako arrakasta izan duen telesail estatubatuar bat: Breaking bad. Klase ertaineko familia baten (senar-emazteak eta seme bat, hasieran) bizitzaren gorabeherak kontatzen ditu. Senarra kimikako irakaslea da institutu batean; emaztea, berriz, etxeko lanetan aritzen da. Ezustean (gizona ez da erretzailea), senarrari biriketako minbizia diagnostikatzen diote. Aseguru pribatuak tratamendua estaltzen ez dionez, irakasleak txarrenean jartzen du bere burua: "Tratamendua jaso eta hiltzen banaiz, ezer gabe eta zorpean utziko ditut emaztea eta semeak edo seme-alabak (emaztea haurdun dago)". Egoera horri aurre egiteko, droga sintetikoak kozinatzen hasi, eta gaizkile bihurtzen da (pertsonak hiltzen ditu, besteak beste). Gurea bezalako osasun sistema duen herrialde batean, sinesgaitza litzateke halako egoera bat.

Bukatu dira ongizate estatuaren abantailak inork zalantzan jartzen ez zituen garaiak

Baina, jakina, hemen ez gara fikzioaz ari, pertsona arrunten eguneroko bizimoduaz baino. Honatx, bada, AEB errealari buruzko zenbait datu: COVID-19a pairatzea gutxi ez, eta estatubatuar bat baino gehiago joan zen ospitaletik etxera milioi bat dolar baino gehiagoko fakturarekin pandemia garaian; gaixotasun larriak dituzten hainbatek egiten dute beren buruaz beste familiarentzat karga ekonomikoa ez izatearren; aberatsa ez bazara, nekez ikas dezakezu unibertsitatean mailegu bat eskatu gabe...

Alfer-alferrik ari naiz. Bukatu dira ongizate estatuaren abantailak inork –ezkerreko zein eskuineko– zalantzan jartzen ez zituen garaiak. Saiatuko dira sinetsarazten ahalik zerga gutxien ordainduta berdin-berdin eutsiko diegula osasun, hezkuntza eta zaintza zerbitzuei, eta, ez harritu, litekeena baita hemendik urte batzuetara damu izatea poltsikoan euro batzuk gehiago izateko amets pozoitsuaren truke galdu dugunaz (osasun publikoa, kaleko segurtasuna, doako hezkuntza...).

Zilegi da, nola ez, besteren kontutzat hartzea zahartzaroa, gaixotasunak edo zorigaitzeko istripuak, gazte garenean endemas; harritzekoa dena da zergak ordaindu gabe bizi nahi duten azkar ustekoak ez jabetzea –diru goseak itsututa, zerk bestela– zori txarraren loterian saridun izateko ez dagoela jokatu beharrik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide