Irulegiko Eskua aurkitu izanak zalaparta handi samarra sortu zuen iaz euskaldunon kultura eremu nimiño honetan, euskaraz edo hizkuntza baskonikoz orain arte topatu den idazkunik zaharrenaren kariaz; K.a. I. mendekoa, alajaina. Dirudienez, argi samar irakurtzen da sorioneku hitza idazkian, eta, adituen arabera, ez dago zalantzarik aurkikuntzaren benetakotasunaz.
Aurkikuntzak adina poztu ninduen eskuan idatzita dagoenak, filosofia fikzioa egiteko aukera ematen zidalako, besteak beste. Giza talde txiki batzuk irudikatu nituen, heriotza eta oinazea egunerokotasunean txertatuta zituztenak, edozein gaixotasun, gorabehera edo ezusteko malapartaturen beldur. Zoriaren mende, eta zori ona nondik eta nola bereganatu ezin asmatuta. Hortik zorioneko izatearen garrantzia, eta ez soilik baskoien artean. Frantsesez ere bonheur (hau da, zori ona) esaten diote zoriontasunari; ingelesez, happiness (hap horrek ere zori esan nahi omen zuen antzinako eskandinaviarren artean), eta alemanez, glück, zoriarekin lotutako kontzeptua hori ere. Egingo nuke mundu osoko hainbat hizkuntzatan daudela antzeko erreferentziak. Gaztelania salbuespena da alde horretatik, felicidad hitzak ez baitio aipurik egiten zoriari, eta horrek kutsu edo zama filosofikoa kentzen dio, nire gusturako.
Urteen poderioz, badirudi ahaztu egin garela zoriak gure bizimodu pozgarrian edo dohakabean izan dezakeen egitekoaz, eta geure ahalmenetan jarri dugula ia erabateko konfiantza. Modan daude autolaguntzako edo antzeko liburu salduenetan "zeure esku dago zoriontsu izatea" edo "zeu zara zure patuaren egile" bezalako esloganak, batzuetan prestigio handiko psikiatren bermea dutela. Antza, Mendebaldeko gizarte modernoetan ez dago gure ahalmenei hanka egiten dien ia ezer, eta aurrerapenak, teknologikoak batik bat, kriptonitarik gabeko superman eta superwoman bihurtu gaitu bat-batean.
Oso ikuspegi modernoa eta optimista da hori ziur asko (interesatua ere bai, nik uste), baina bizkarra ematen dio errealitateari, edo bai behintzat nik giza errealitateaz dudan ikuspegiari, zoriak erabakitzen baitu, neurri handi batean, bizi garen ala ez, bai eta noiz, non eta nola bizi garen ere. Bestela esanda, biziaren eta heriotzaren arteko muga bezalaxe, oso mehea eta ziurgabetasunez betea da zori onetik txarrerako joan-etorria, eta ausart bezain inozoa gure biziaren bilakaera geure esku baino ez dagoela baieztatzea. Horregatik, askoz gertuago sentitzen naiz nire irudimeneko duela bi mila urteko baskoien sorioneku horretatik, autolaguntzako zenbait bestseller idazten dituzten gaur egungo guru batzuen ideietatik baino.
Laburbilduz, Irulegiko Eskuak gure hizkuntzaz eta kulturaz are harroago sentitzen lagundu digu beharbada, baina, horrez gain, beste hainbat herrirekin lotzen gaituen gizatasunaz ohartzeko ere balio diezaguke, zori onak edo txarrak erabakitzen baititu sarri askotan ondo edo gaizki bizitzearekin lotutako ñabarduretako asko. Zoriari zor diogu, esaterako, gu izatea, historiako euskaldun guztien artean, euskarazko testuak idazteko eta irakurtzeko gai diren bakanetakoak, ezinezkoa bailitzateke gu baino lehenago izan diren hainbat euskaltzale, hiztegigile, idazle eta abarren ahalegin nekaezinik gabe, edota haien aurretik jaio izan bagina. Zori ona gurea, bai horixe.