Belarriko minez

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2022ko uzt. 13a, 17:15

Joseba Epeldek ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Belarriko minez'.

Ez dago nire belarriko mina sendatuko duen otorrinorik. Subjektiboa, psikologikoa edo linguistikoa baita gehiago, kanpo- edo barne-eragile fisiko batek sortutakoa baino. Urte asko dira Juan Luis Zabalak Ere-ren ondoeza artikulua idatzi zuela Euskaldunon Egunkarian, adberbio horren erabilerari euskaldunok ematen dizkiogun "tratu txarrak" agerian jartzeko eta salatzeko, eta artikulu haren sustraian zegoen gaitzaren antzekoa da nirea ere, jendearen eta komunikabideen jardunak eragindakoa gehienbat.

Eta juntagailua da belarrian ditudan oinazeen lehen sorburua. Antza, jendea goseak ateratzen da etxetik, eta juntagailuak jateari ekiten dio tripetako orroak isilarazteko. Barra-barra entzuten dira komunikabideetan "mila bostehun pertsona elkartu dira" edo "hogei mila hirurehun realzale izan ziren Anoetan" eta antzekoak. Mokadu batean irensten dute eta gajoa (ala gizajoa da?). Ondoren, partidaren lehen zatia "bi bat" amaitu dela esango dizute, edo azken emaitza "hiru bi" izan dela. Eta nire belarriak, sentikor samarra izaki, sufritu egiten du ezinbestean, Realak irabazteagatik gustura egonda ere.

Bada azken urteetan COVID-19a baino azkarrago zabaldu den beste izurri bat ere. Gazteen artean erabiltzen dela esan behar nuen, baina hain gazteak ez direnei ere entzun izan diet (gazteago sentitzeko, akaso?) pelikula bat "kriston ona" dela edota ez dakit zer egiten "kriston ondo" pasatu dutela. Orrazteko adina ile nuenean, ez nekien teorizatzen kristoren hitza ez dela adjektiboekin eta adberbioekin erabili behar, baina hainbestetan entzun nuenez Jotakie taldearen Kriston burrundaie (kaskoek belarriko min fisikoa egin arte, beharbada), nire senak-edo esaten zidan ezin nuela ume bat "kriston polite" dela bota zerbait arraroa egiten ari nintzela sentitu gabe.

Ez da horiekin amaitzen nire belarrien sufrikarioa, telebistan edo irratian ohiko samarra baita dagoeneko erabili behar den lekuan honezkero esatea, edota beti, salbuespenik gabe, bietako bat erabiltzen duenik aurkitzea. Eta sofistikatuagoak ere badaude: adibidez, telebistako albistegia amaitzen zenean "Eskerrik asko hor egon izanagatik" esaten zuen esatariarena, "Eskerrik asko hor egoteagatik (edo zuen arretagatik)" esan beharrean. Esanahi kausala eman nahi denean perpaus kontzesiboa erabiltzeko joera horrek follower ugari lortu bide zituen, gaur egun etengabe erabiltzen baita hala ikus- entzunezko komunikabideetan, nola idatzizko euskarrietan.

Gezurra badirudi ere, testu marmarti honen asmoa ez da inori ezer aurpegiratzea, pentsatzen hasita bainago nire belarriko mina ni eta ni bezalako atzerakoion arazoa baino ez dela. Kaiolatuta, fosilizatuta edo disekatuta eduki nahi dugu euskara, "gure garaian" edo "beti" izan den bezalakoa mantentzeko (zein arriskutsua eta zenbat arazoren iturri den "beti" hori!), baina hizkuntzek beren bidea egiten dute, apurtu beharreko arauak apurtuz eta gu bezalako inkisidore neurotikoak eskandalizatuz, hala behar denean.

Auskalo! Akaso hemendik ehun urtera Euskaltzaindiak arkaismotzat hartuko ditu gaur eztabaidaezintzat ditugun txikikeria horiek, eta hala bada, ba ez da ezer gertatuko. Malgutasunik ezaren edo moldakaiztasunaren ondorioa izango da, azken batean, nire belarriko mina, eta lasaitzen nauen terapeuta baten kontsultara joan beharko dut neure onera etortzeko, nire eta ere-ren ondoezek ez baitute erremediorik, itxura.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide