2021eko urriaren amaierako astelehen batean izan zen, seguru asko. Asteroko erosketek Maxi Eroskira eraman ninduten, adin batetik aurrera gure bizimoduaren zutabe bihurtzen ditugun ohitura horietako bati jarraituz. Saltokiaren sarreran saskia hartu, eta ohiko ibilbidea egin nuen, errutinazko mugimendu automatikoekin, ezer berezirik sentitu gabe, egin beharrekoa lehenbailehen amaitu eta etxera bueltan joateko, lana bainuen zain, eta ama. Betikoak eta noizean behingoak saskiratu nituen, saltxitxa-zorro bat tartean, neu zalea ez izanagatik, amak gustuko baitzuen "txorizoa" (hala esaten zion saltxitxari ere dementzia gain hartzen hasi zitzaionetik).
Egun batzuk geroago, ama hilda eta lurperatuta zegoen, eta oharkabean erositako saltxitxazorro hark hozkailuan jarraitzen zuen, irekita. Automatikoa, mekanikoa eta ia erabat neutroa izandako erosketa bat hunkigarri bihurtu zuen, ezustean, amaren heriotzak. Eta, jakina, gauza bera gertatu zen Atanoko errekara egindako azken paseoarekin, Gotas de oro koloniaz eskumuturrak eta aurpegia igurtzi zituen azken ostiral goizarekin eta beste hainbat ohiko gorabehera eta gauza apalekin. Izan ere, azaltzen zailak diren era guztietako emozio eta erreakzioen artean, maite ditugunen heriotzak ezohiko bihurtzen dizkigu bestela axolagabe ahaztuko genituzkeen hainbat ekintza soil.
Hala, aurretik inoiz ez bezala, ohikoak ezohikotik duena jarri zidan aurrez aurre amaren faltak. Hitzean eta hortzean erabiltzen ditugu "carpe diem" eta antzeko topikoak, eta aldi berean, ia mespretxuz bizitzen dugu egunerokoa, saltxitxa bat erostea edo maite ditugunen arnasa eta odolaren beroa inoiz ez desagertzera kondenatuta dauden gorabeherak balira bezala, dekretuz edo. Badakigu –hala diogu behintzat– salbuespenaren ondorio garela, probabilitate guztien aurka gaudela hemen, txiripaz; jokatu, ordea, bizien artean egotea normalena balitz bezala egiten dugu, heriok gure helbidea ezagutuko ez balu bezala; irautea lege bihurtzen du gure jarrerak, eta ez-izatea, salbuespen.
Iheslari trebeena ere atzetik harrapatzen du bizialdiaren epe-mugak
Baina eginahalak eginahal, iheslari trebeena ere atzetik harrapatzen du bizialdiaren epe-mugak, lehenago ez bada geroago. Pesimismora jota erantzun izan diote ebidentzia horri zenbait filosofok eta pentsalarik, amaierak bizitza honi zentzu guztia kentzen diolakoan, herio beti garaile ateratzen zaigulako, Bergmanen Zazpigarren zigilua filmean bezala. Eta ezin esan arrazoi apurren bat ez dutenik, fedegabeon ikuspegitik, bereziki. Nolanahi ere, behin bizirik egotearen loteria tokatuta, aukeran ia hobe Violeta Parrarekin bidaia honen onura amaigabeei miresmenez abestea.
Salbuespenaren eta ezohikoaren alaba edo mendekoa izan zen gure ama ere, nahiz eta inoiz galduko ez genuela sinetsi nahirik bizi izan ginen, adinean eta ezinean aurrera eginagatik. Orain, zori onak doan emandakoa halabeharrak baimenik eta oniritzirik eskatu gabe batbatean kendu digunean, gure egunerokoaren euskarri bat hil dela sentitzen dugu, hozkada baten bidez gure bizimoduaren funtsari atal bat kendu baliote bezala. Dena dela, pesimisten arrazoi ukaezinen aurka, haren hutsuneak sortu digun oinazeak ez du sekula gaindituko harekin egonda bizitzak oparitu ziguna. Inola ere ez.