Fernando Pessoak bere poemetako batean dio maitasun-gutun guztiak barregarriak direla, baina are barregarriagoak direla maitasun-gutunik inoiz idatzi ez dutenak. Antzeko zerbait gertatzen zait niri ere film onenen zerrendekin: barregarri samarrak iruditu arren, ezin izaten diot eutsi neure zerrendak egiteko tentazioari. Eta barregarri geratzeko ahaleginak egiten hasita, ez zait ezer aproposagorik bururatu zinemaren historiako hamarkada bakoitzeko komedia onenen zerrenda egitea baino.
George Méliesen film laburrak hartuko nituzke 1910eko hamarkadan, fikziozko zinemagintzako genero guztien aitzindari direlako, komediarena barne. Egia esan, haren filmak, gaur egun, ikerketarako dira gehiago benetako gozamenerako baino. Hala ere, beti daukagu Hugo ikusi eta Scorseserekin batera sortzaile frantziarra omentzeko aukera.
Hurrengo hamarkadan Buster Keaton-en The general aukeratu nezake, baina nahiago dut Chaplinen The kid txikia. Egin proba: hartu film hori eta jarri haurrei; barre eta negar egingo dute, hunkitu egingo baitira duela ehun urte pasa maisuki filmatutako irudi samur horiekin. Hurrengo hamarkadarako ere zinemagile beraren lan bati helduko nioke, Modern Times bikainari, alegia, zaila baita barrea eginaraziz hobeto kritikatzea gizarte industrialak ezarri zigun bizimodu absurdoa.
Orain arte aipatutakoak zine komikotzat jotzen dituzte adituek, ez komediatzat. Beraz, nire olinpoko lehen komedia, zentzu hertsian, 1940ko hamarkadako To be or not to be litzateke: Lubitsch-en maisulanetako bat, nazismoaren garaiko nazismoaren parodia, eta, orain dogmatiko jarriko naiz, zinemazale guztiek hil aurretik ikusi beharko luketena.
Pare bat lizentzia hartuko ditut 50eko hamarkadarako. Lehena George Cukor-en Adam ?s rib aukeratzea da, 1949koa baita. Nola utzi, ordea, aipatu gabe Katharine Hepburn-en eta Spencer Tracy-ren arteko lehia eta pelikulak emakumearen rolaz ematen duen irudi modernoa. Bestea Howard Hawks-en Rio Bravo da. Azken horren ustezko irregulartasuna agerian dago, western gisa sailkatuta baitago zinemaren historia gehienetan. Baina sailkapenak arbitrario samarrak izan ohi direnez, nirean film hori komedia ere bada. Ikusi, bestela, Walter Brennanen eta enparauen lana, eta esango didazue.
Komedien zerrenda batean ia ezinbestekoa da Billy Wilder aipatzea, eta zuzendari austriarraren film bikain ugarien artean –ez naiz oso originala izango– The apartment da nabarmenetako bat. Hiri handietako bakardadea, botere- abusuak, gora egiteko amets amerikarraren kontraesanak, maitasuna... Zaila Jack Lemmonekin batera Shirley Maclainez ez maitemintzea.
Hamahiruren bat urte genituela, garai bateko Soreasura joan ginen lagun bat eta biok, gomendioz. Gure nahigabea filma bertsio originalean zela ikustean! Gero, ez dut uste sekula hainbeste barre egin dudanik zinema-areto batean; eta ez, ez da inola ere Monty Pithon ?s Life of Brian bikoiztuta ikusteko filma, halakorik bada. Hurrengo hamarkadan, berriz, zalantzaz beterik nago: Cuerdaren Amanece, que no es poco? John Cleeseren A fish called Wanda? Woody Allenen bat?
1990eko hamarkadan ez, hor ez dut zalantzarik, Coen anaien The Big Lebowski hautatuko nuke. Ez duzu barre-algaraka hasteko film horietako bat, baina bai irribarrea ezpainetatik kendu gabe mantenduko zaituena bi orduz, Jef Bridgesen eta haren lagunen gorabehera xelebreak begi aurrean dituzun bitartean. Eta azkenik (ez dut leku gehiago idazteko), Amélie da nire hautua 2000ko hamarkadarako. Film originala, freskoa, imajinazio handikoa, bizipoza ematen dizuten horietakoa... Ba al dago film bati (edo beste edozeri) gehiago eskatzerik?