Nekez irudika ditzaket haurtzaroko urteak gure sukaldeko irratia gogora ekarri gabe. Goiz eta arratsalde izaten genuen piztuta, eta irratia esatea, gure etxean, Loiolako Herri Irratia esatea zen, jogurta beti Danone edo komuneko papera beti Elefante ziren bezala. Horrela entzun nituen, besteak beste, Benito Lertxundiren, Xabier Leteren, Mikel Laboaren, Lourdes Iriondoren eta Estitxuren abestiak lehen aldiz, bai eta Queen, Status Quo, Beatles eta beste talde batzuenak ere. Horrela ezagutu nituen Mariano Ferreren ahotsa eta karisma, Loiolako mezak eta errosarioa, zer esaten zuten asko ulertzeke, egia esan behar bada, hasiera hartan, behinik behin. Eta horrela izan nuen Realaren berri ere Jose Antonio Alkortaren emankizunen bidez, nire zaletasuna eta Alkortaren ahotsa betiko lotzeraino.
Bitxia da. Gogora datorkidan Realeko lehen oroimena Muruzabali buruzkoa da. Gaur egun gehienek ahaztuta duten jokalari bat izan zen, Real ahaztezin haren aurreko urteetako aurrelari goleatzailea. Gero etorriko zen Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufartek osatutako hirukote ahaztezina, eta Arconada, Zamora eta gainerakoak. Floreagako zinema areto zaharreko gallineroan harrapatu ninduen lehen ligak; bat baino gehiago zegoen irratiari adi-adi film-emanaldia albo batera utzita. Pelikula bukatu orduko, igandero bezala, Tomao tabernako emaitzak ikustera joan ginen antxintxika, irratian entzundako lorpen sinestezina ziurtatzeko edo. Ondorengoak dira bigarren liga, Hanburgoren aurka bidegabe galdutako Txapeldunen Ligako finalerdia (Europako Kopa esaten zitzaion garai hartan), 1987ko kopa, 2003ko bigarren postua, jaitsiera eta abar.
Urte horietako guztietako gorabeherek argi utzi didate realzaleak eta realzaleak daudela. Nire kasuan, ia partida guztietan sufritzen edo gozatzen dudan arren, badakit oinaze eta gozamen horiek ez direla, nolabait esateko, benetakoak, edo benetakoak badira, ez behintzat garrantzitsuenak. Horrekin batera, nahiz eta ia beti Realak irabaztea nahi izaten dudan, uste dut porrotek eta nahigabeek realzaleago egin nautela garaipenek eta arrakastek baino. Ez du masokismoarekin zerikusirik. Oker ez banago, Unamunok esana da sufrimenduak gehiago lotzen eta elkartzen dituela gizakiak beste ezerk baino. Agian, Reala Valentzian bigarren mailara jaitsi zenekoa da realzale askok oroimenean dugun egunik tristeenetako bat, baina infernu-aldi horixe ikusten dut geroko batasunaren, harrotasunaren eta indarraren oinarrian.
Hartara, realzale moduan, neure-neureak sentitzen ditut garaipenak eta une oparoak bezala porrotak edo atsekabeak ere. Jokalariekin batera sufritzen eta gozatzen dut, handitzen eta txikitzen naiz. Alde horretatik, Juanma Lillok zenbait zalek Mikel Aranbururi txistu egin ondorengo prentsaurrekoan esan zuen bezala, ulertezina egiten zait realzale batek bere jokalariei txistu egitea (nork bere frustrazioak jokalariengan proiektatzea dela pentsatu izan dut beti), bereziki jokalari hori Mikel Aranburu, Agustin Aranzabal edo antzekoren bat bada. Izan ere, nik Realarentzat nahi nukeen zaleak une txarretan babesten ditu jokalariak, une gozoetan beti izango baitute lausengatuko dituenik.
Beraz, joan den apirilaren 3ko partida amaitzearekin batera, pozak gain hartu zidan, eta urduritasunak zein harrotasunak loa galarazi zidaten. Realak galdu izan balu, argi dago, nahigabeak eragotziko edo atzeratuko zidan begiak biltzea; alabaina, nire gogoak jokalariak txalotuko zituen, eta porrotak are realzaleago bihurtuko ninduen, bizitzan bezala futbolean ere ia galtze guztiek eskaintzen baitigute zer irabazi.