Gaia: Hutsuneari.
Doinua: Norbere mundu intimo.
Nola sagar ximurtu bat
iraungiz doan aldiko
azal ximurtu bat ere
nola ez da iraungiko?
Sarri abestu izan dut
ezer ez dela betiko,
baina ikustea ez dut
agian horren begiko...
ta aspaldian joan da
ez dugunik ikusiko,
bada etxerik, lagunik,
nor, zer azpikoz gaindiko...
eta nahiz eskatu kartan,
nahiz eskatu "ekarriko!",
urteak daraman hori
ez da bueltan etorriko.
Eta joaten den orok
hutsa ohi dakar bertara,
non hutsaren ho(r)tzikara
den hotzaren huts-ikara...
etxeko zapatila bi,
aulki bat, kafe-kikara,
jada memorian baino
entzuten ez den algara...
hutsunea hein batean
bazen zerbait ez al da, ba?
Ta bazena ez den arren,
gugan oraindik zer bada,
ta nahiz beteko duenik
ez dagoen beharbada,
sarri bertan gotortzen naiz
ta bete, badaezpada.