Hezkuntza sistemak abandonatzen gaituenean

Erabiltzailearen aurpegia Inma Urteaga 2026ko ekainaren 5a

Inma Urteagak honako gutun hau bidali du erredakziora, garun paralisi larria duen Ursula alabak hezkuntza eremuan bizi duen egoera kontatzeko. 

Badira kontakizun ofiziala kolokan jartzen duten istorio deserosoak, erakundeen txosten, protokolo eta asmo onen adierazpenen artean lausotzen duten errealitatea agerian uzten dutenak. Hau horietako bat da. Izen bat du, familia bat du, eta goizero herriko institutuko atea zeharkatzen duen bizitza zehatz bat du.

Horregatik, hau ez da salaketa bat soilik; laguntza eske bat ere bada.

Ursulak 16 urte ditu eta garun paralisi larria du. Ez da ahoz komunikatzen. Ezin du ezer eskuekin hartu. Ezin da oinez ibili. Ezin da bere kabuz eserita mantendu ere. Erabat besteen menpe dago eguneroko bizitzako alderdi guztietan. Eta, beste edozein nerabek bezala, hezkuntzarako oinarrizko eskubidea aitortua du.

3 urterekin hasi zen herriko eskolan, beharrezko laguntzekin. Paperean, inklusioaren adibide bat. Praktikan, prekarietateak eta inprobisazioak markatutako esku hartze jarraitua.

Ez da akats puntuala. Arazo sistemikoa da. Izenak aldatzen dira —irakasleak, pedagogia terapeutikoko profesionalak, hezkuntza bereziko teknikariak, aholkulariak, ikuskariak, inklusio arduradunak, zuzendaritza taldeak—, baina istorioa ikasturtez ikasturte errepikatzen da zehaztasun kezkagarri batekin. Hasiera itxaropentsu bera. Zailtasunez beteriko garapen bera. Emaitza antzu bera.

Arazoaren sustraia agerikoa da: hezkuntza premiak konplexuak direnean erreferentziazko figura baten gabezia. Hezkuntza prozesuaren benetako lidergoa falta da. Talde bat gidatu eta koordinatuko duen profesional bat, koherentzia emango diona, hezkuntza-proiektu indibidualizatu baten diseinuaren eta jarraipenaren ardura hartuko duena.

Teorian, zeregin hori tutoreari dagokio. Praktikan, fikzio hutsa da. Bigarren Hezkuntzako irakasle espezialista batek, ehun ikasle ingururen ardura eta hogei bat ikasleren tutoretza izanik, ezin du —borondaterik onenarekin ere— etengabeko koordinazioa eskatzen duen konplexutasun handiko hezkuntza prozesu bat gidatu, hainbat espezialista, laguntza langile eta irakasleren artean.

Egiturazko gabezia horri beste bat gehitzen zaio, berdin larria dena: langileen etengabeko txandaketa. Azken lau ikasturteetan, 19 pertsona baino gehiagok parte hartu dute zuzenean Ursularen arretan. 30 irakasle baino gehiago igaro dira eskolatuta egon den taldeetatik. Gehienak profesional konprometituak izan dira, bai, baina aldi baterakoak, eta gehienek ez dute ikasturte bat baino gehiago igaro harekin gure institutuan.

Hezkuntza Sailak prestakuntza espezifikoa eskaintzen die profesional horiei. Baina haren eraginkortasuna lausotu egiten da: prestatzen direnak ikasturtea amaitzean desagertzen dira. Ez dago jarraitutasunik. Ez dago ezagutzaren benetako transmisiorik. Ez dago jardunbide eraginkorrak sendotzeko aukerarik. Eta inork ez du lortzen Ursula benetan ezagutzea ikasturtez ikasturte.

Oinarri horiekin, kalitatezko hezkuntza inklusiboaz hitz egitea erretorika hutsa baino ez da.

Egoera hau ez da ezezaguna inorentzat. Urte luzez, hezkuntza sistemako erantzukizun maila guztiek izan dute gertatzen denaren berri zuzena: laguntza zerbitzuek, berrikuntzaren arduradunek, hezkuntza ikuskaritzak, aniztasunaren zuzendaritzek, sailburuordeek eta sailburuek. Inork ezin du ezjakintasuna alegatu.

Eta, hala ere, egunero itzultzen da Ursula eskolara. Itxaropenez. Izan ere, guztia gorabeheran izanda ere, ikastea baita bere askatasunerako benetako bide bakarra. Bere espazio propio bakarra bere buruaren barruan eraiki dezakeena da; izan ere, bere errealitate fisikoak ukatu egiten dizkio bere gorputzaren gaineko autonomia oinarrizkoena eta baita intimitatea ere.

Aurten ere ez du gaindituko bere curriculum egokitzapen indibidualizatua. Bere hezkuntzaren tresna nagusia izan beharko lukeen dokumentua, baina, errealitatean, ezjakintasunetik, beldurretik eta lege betebehar formal bat betetzeko asmoz egin dena soilik.

Egoera akademikoa hori izanik lagunartekoa ere ez da hobea: inork ez du ezertarako kide kontsideratzen Ursula. Bere presentzia gela barruan ohikoa da, bai, eta patioan ere egoten da, baina ezer gutxi partekatzen dute berarekin.

Egoeraren argazki zehatza: %93ko desgaitasuna duen Ursula, bere muga handien pisua ez ezik, erakundeen ezintasun eta axolagabekeria, profesionalen prestakuntza falta eta partaide den komunitate osoaren erabateko ezjakintasuna bizkar gainean eramaten ditu.

Egoera guztiz zaplatzailea!

Eta ez da kasu isolatu bat.

Airean galdera deseroso bat: komunitate bat eskubidezko gizarte baten eredutzat jo al daiteke bere sistema publikoek huts egiten badiete, hain zuzen ere, gehien behar dituztenei?

Inklusio hitzak, behin eta berriz errepikatua diskurtsoetan, dokumentuetan eta araudietan, gehien behar dutenak zauritzen ditu. Izan ere, Ursularen moduko pertsonek badakite hitz horren atzean dagoena ez dela inklusioa, bazterketa sakon, iraunkor eta sistematikoa baizik. Eskola, zerbitzu publikoak, laguntzak eta eguneroko bizitza zeharkatzen dituen bazterketa.

Erantzun zintzorik —eta, batez ere, ekintza zehatzik— egon ezean, inklusioaz hitz egiten jarraituko dugu gure benetako helburu zintzoa balitz bezala, baina agerian dago, kasu gehiegitan, hitz huts bat baino ez dela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide