ITZIAR ELIAS: GURE KULTURAREN ASTEBURUA

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Elias 2013ko abe. 13a, 14:10

Asteburu berezia

Aste bukaera honetan, denok jakingo duzuen moduan, Bertso txapelketa nagusia izango dugu BECen. Oihartzun handia du txapelketak, eta esango nuke, bertan izan den edonork  baiezta dezakeela iruditzen zait, ez dela txapelketa huts bat. Sentimenduak lotzen gaitu, hainbeste jende batzen gaituen kultur arloak, gure euskara maite dugunok biltzen gaituen kultur ekintza batek sorrarazten digu nazio edo nazioarteko ekintza baten parte garela nolabait, utopia den hori errealitate bihurtuko balitz bezala ordu bitarte horretan.

Ba, hara non aste bukaera honek baduen nolabaiteko kutsu berezi bat. Larunbatean Euskal Herriko Antzerkizale eguna baita, eta non eta Nafarroan ospatuko da, Berriozarren.   

Nafarroan euskarazko antzerkiak duen egoera larria nahi dugu salatu, eta, nola ez, euskarazko antzerkia maite dugunok batu eta elkarrekin egun on bat pasa. Euskaraz antzerkia egitea ez baita gaur egun hautu erraza, eta gutxiago Nafarroan.

Azkoitian bertan larunbatean gure ikurren eguna ospatuko da.

Nolabait esan dezakegu kulturak nazio baten mugimenduetara edo ospakizunetara eramango gaituela aste bukaera honetan. Askorentzat utopia edo ilegala den hori, lortuko dugu, egun batzuetan behintzat.

Eta nolabait euskarazko kulturak, gure kulturak, eramango gaitu  horretara.

Agian hori da bidea, ezberdin garela erakusteko bidea. Guk, gurea behar dugula ozen esateko modua, hain itxita duten horien buruek uler dezaten, eta hain itsu eta gogor dauden begi eta belarri horiek ikus eta entzun dezaten.

Norbaitek zioen gauzak errealitate bihurtzeko, behin eta berriz irudikatu eta amestu behar direla errealitate bihur daitezen.

Nik guztiok gonbidatzen zaituztet amets egin eta egun hauetan izango diren kultur ekintza ezberdinetan parte hartzera, BECen, Berriozarren edo Azkoitian.

Denok batera gozatu gure hizkuntzak ematen dituen kultur ekintza ezberdinetan, horiek dagoeneko errealitate baitira, amestu dezagun horren ondoren etor daitekeenaz.

 

 

 

Itziar Elias

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide