Orain dela bi urte harrera familiako ama bihurtu nintzen, eta askok galdetuko duzue: zer da harrera?
Nola liteke informazio hori ez edukitzea informazioz betetako gizarte honetan? Hain gertu dugun errealitatea izanik, zeinen urrutikoa den askorentzat.
Ba hauxe izan zen lau lagun elkartu eta mugitu gintuena. Galdera hauei erantzuna eman eta gai hau gizarteratu beharra sentitu genuen, honela sortu zen Zuondoan elkartea eta bere lehenengo proiektua, Gu ere harrera familia gara dokumentala eta Maddi eta Anttonantzezlana.
Dokumentalean harrerako 9 familiak hartu dute parte, tartean Xabier Euzkitzerena, Odei Barrosorena eta baita neureak ere.
Etxeko ateak zabaldu zizkiguten familiak eta barren barreneraino eraman, sukalderaino, beraien harrerako esperientzia kontatzeko.
Bihotzez eskertzen diet guztiei eginikoa, ez baita erreza izaten etxeko kontuak kameraren aurrean kontatzea.
Eta, bestalde, Maddi eta Antton antzerkia, nik neuk eta Iñigo Aranbarrik ematen diogu bizia bi pertsonai hauei, Maddi harrerako haurra da eta Antton bere harrera familiako anaia; bien jolasen eta elkarrizketen bidez harrera familia zer den kontatuko diete etxeko txikienei.
Noski, askok esango duzue, oraindik ez didazu esan zer den harrera familia. Begira, jaiotzean guk suertez debalde jasotzen dugu familia bat, familia hau beti hor daukagu eta askotan ez gara ohartu ere egiten ze suerte dugun, egunero pertsona berak egunon eta gabon esatean, muxuak eta besarkadak debalde jasotzean, guretzat hor daudela jakitean.
Ba horixe da haur hauen arazoa, guri hain merke irten zaiguna garesti irten zaie haur hauei, asko galdetu gabe suerte txar hauxe eduki duten haurrak, kulpa handirik gabe jaso dutena.
Eta ez, ez dira afrikarrak, ezta beste nazio batekoak ere, bertakoak dira herrikoak, auzokoak, gipuzkoarrak.
Diputazioak lan bikaina egiten du haur hauekin, guk ez baitugu kalean bizi den umerik, baina bai zentroetan bizi direnak. Eta ez dira gutxi zoritxarrez. Hezitzaile bikainak dituzte, zentroak ere bai, baina garrantzitsuena falta zaie, guk debalde jaso duguna, familia bat. Baldintzarik gabe beraientzat egongo den norbait.
Lan honetan jarduteak gauza asko erakutsi dizkit, batetik inguruan dudana baloratzen, bestetik haur hauek biziak jarri dizkien oztopoakirribarre handi batekin nola gainditzen dituzten eta garrantzitsuena odolak ez du maitasunik, nire txikia nire etxekoa da, nahiz eta ez nire odolik eduki.
Orain denok egingo didazue galdera, bai bere guraso biologikoekin hartuemana mantentzen du eta gurasoekin bueltatzeko aukera badago. Eta egun hori heltzen denean?
Ba begira, nire etxeko haurrak bi aita eta bi ama ditu eta nire etxean bizi edo bere guraso biologikoekin bizi, beti bi ama eta bi aita edukitzen jarraituko ditu. Gure arteko harremana ez baita hautsiko, eta ni beti hor izango nauelako.
Gehiago jakiteko, dokumentala eta antzerkia ikustera gonbidatzen zaituztet.
Gizartera dezagun hain gertuko dugun gaia, izan gaitezen guztiok harrerako familia.