Itziar Elias Uria naiz, Azkoitiarra, 1980an jaioa. Txikitatik antzerkizalea izan naiz. Lehen urratsak eskolan egin nituen, ondoren Antxieta antzerki taldera egin nuen salto, Lakrikun taldean ibili nintzen gero, eta gaur egun Azkoitiko Koldarrak antzerki taldean nabil “Izan bedi emakumea” obra prestatzen.
Azkoitiko kultur mahaiaren hasierako sustatzaileetako bat eta egungo talde eragileko partaide ere banaiz. Herrixen kultura sortzen eta antolatzen parte hartzen dugunok elkar ezagutu eta koordinatzea da gure helburua. Lan horretarako galdetegi bat sortu dugu denon informazioa, iritziak eta arazoak jasotzeko. Norbait interesatua balego, idatzi kulturmahaixe@gmail.com helbidera, eta gustu handiz bidaliko diogu galdetegia.
Antzerkia maite dugunontzat, martxoan aukera izango dugu herrian bertan pare bat antzezlanez gozatzeko:
- Martxoaren 11n, 19:00etan Matadexen, Dejabu taldekoak “Gure bide galduak” antzezlan berria emango dute. Antzezlan honetan, Iñigo Aranbarri azkoitiar aktoreak parte hartzen du, eta Donostia Antzerki saria jaso berriak dira.
- Martxoaren 10ean, 18:00etan Baztartxon, Biboterik gabea taldekoek “Bebarrun maxixatzen” haurrentzako antzezlana estreinatuko dute. Biboterik Gabea antzerki taldea Azkoitiko antzerki taldeetako bat da, eta Maxixatzenen kultur asteari hasiera emango dio antzezlanak.
Aurrerantzean, tarteka zuekin izango naiz, antzerkiaz, kultur-mahaixez eta orokorrean Azkoitiko kultur mugimenduaz maxixatzen.
Ondo izan, Itziar Elias