Zergatik hasi dira sagardoa kopan zerbitzatzen? Ez dakit noiz erabaki zen sagardoak ere ardoaren estetika bera behar zuela, baina niri amorru pixka bat ematen dit, sagardoa ez baita horrela edaten. Lehen ez, behintzat.
Edari bakoitzak bere edalontzia izan du beti. Ardoak bere kopa fina, garagardoak bere baso luzea, sagardoak betiko edalontzia, txikitoak bere baso txikia eta likoreek beren edalontzi motza. Ez da dekorazio kontu soila. Edalontzi bakoitzak edateko modu bat proposatzen du: nola edan, zenbat denboraz luzatu, norekin partekatu. Batzuetan objektuek ere izaten dutelako beren hizkuntza.
Sagardoaren kasuan hori are nabarmenagoa da. Sagardoa ez da edari soila; modu bat ere bada. Edalontzia eskuan hartu, sagardoa atera, aparra sortu eta berehala edan. Hor badago erritual txiki bat, gorputzak ia automatikoki egiten duena. Kopa batean, ordea, dena arraro egiten da. Ez du usain bera, ez du mugimendu bera, eta, batez ere, ez da berdin sentitzen.
Orain, taberna askotan, dena kopan zerbitzatzen dute. Berdin dio ardo beltza den, sagardoa, gin-tonica edo garagardo soila. Badirudi edari guztiek forma bera hartu behar dutela. Praktikoa izango da agian, edo estetika modernoago baten parte. Baina zerbait galtzen ari garela iruditzen zait.
Gauza txikiekin gertatzen da askotan: ohartu gabe, ohiturak desagertzen hasten dira. Eta ohiturekin batera, nortasun pixka bat ere bai. Nekagarria egiten da dena bateratzeko joera hau. Ez dirudi lekurik geratzen denik xehetasun txikientzat; eta, askotan, xehetasun txiki horiek dira esperientzia berezi egiten dutenak. Ardo on baten zaporea ez da berbera plastikozko edalontzi batean edo ardoarentzat izaten den kopan. Ezta garagardo batena ere. Eta ezta sagardoarena ere.
Ez da dekorazio kontu soila. Edalontzi bakoitzak edateko modu bat proposatzen du
Gainera, edalontziek uste gabe erritmoa ere markatzen dute. Txikito bat azkar eta zutik hartzen da; aitzitik, kopa handi batek dena motelago bihurtzen du, eta beste jarrera lasaiago bat hartzera gonbidatzen du. Garbi ikusten da objektuek jokabidea alda dezaketela, nahiz eta askotan konturatu ez. Horregatik ez da hain hutsala ematen duen gaia.
Azken urteetan esperientziaren kultura delakoa ere asko aipatzen da, baina paradoxikoki esperientziak gero eta antzekoagoak dira. Badirudi gauza askoren izaera desagertzen ari dela, eta dena argazkietan ondo ateratzeko diseinatzen dela.
Agian norbaitek pentsa dezake gehiegizkoa dela kontu honengatik kezkatzea; azken finean, edalontziak besterik ez dira. Eta egia da: munduan badaude arazo handiagoak. Baina kultura ez dago bakarrik museoetan edo liburuetan gordeta. Kultura eguneroko keinu txikietan ere bizi da.
Horregatik tristura eragiten dit edalontzi guztiak berdintzeak. Ez edalontziagatik beragatik, baizik eta atzean dagoen ideia horrengatik: dena forma edo zaku berean sartu nahi izateagatik. Eta, agian, gauza batzuk ez lirateke hain erraz elkartu behar.