Ausarta bazara janzteko orduan, zorteko zara! Ez zaitez lotsatu zilborra erakusten, eta short edo gona motxak janzten. Datorren udaran ez zara bakarra izango. Moda munduan eragin handia duten blogariak ausartu dira jada, eta fashion weeketan diseinatzaileek proposatutako arropetan inspiratu dira. Artilezko top motxak eta freskoak ikusten ari gara azken egunotan; Coachela musika jaialdian, esaterako, ez da besterik ikusi. Jakina da aurten hemen ere neska askoren soinean ikusiko ditugula; bai ausartenen artean behintzat.
Pariseko, Milaneko eta New Yorkeko fashion weeketan berriz, 2015eko udaberri-udarako desfileetan, estanpatu etnikoak izan dira garaile beste batzuen artean. Munduko diseinatzaile ospetsuenek estilo erosoaren eta freskoaren aldeko apustua egin dute. Egun beroetarako bikaina eta edonori ondo gera dakiokeen estiloa. Lihazki zalea bazara, udara honetan gustura itzuliko zara etxera erosketak egitetik, flekoak besterik ez duzu ikusiko eta dendetan!
Estilo etnikoarekin batera, hippie estiloko janzkerek ere inbidia eragingo digute. Itzul zaitez 70.eko hamarkadara, eta inspiratu garaiko look-etan;asmatuko duzu ziur!
Horiez gain, aspertzen ez gaituen kolore batek ere indarrean darrai. Azken bi denboraldietan, berde kolore militarra ikusi dugu bazter guztietan, eta badirudi bertaratuta daukagula. Aurtengoan ere, beste denboraldi batez gure artean izango dugu. Bila itzazu kolore berdeko arropak, eta egin ezazu zeure estilo militarra.
Denim estiloa ere gustuko baduzu, oso eroso sentituko zara boladan dauden arropekin. Jantzi zaitez arropa bakeroz goitik behera, eta it girl senti zaitez. Aukera handia duzu: gona motxak zein luzeak, gona petodunak, jeansak… Beraz, ez zaitez atzean gelditu joera honetan!
Oinetako erosoak ere beharko dituzu armairuan. Kalerako kirol oinetako zuriak edo sandalia lauak eros ditzakezu eguneroko looketarako. Punta fineko oinetakoak ere boladan daude, lokarriarekin orkatiletan loturik; lookei ukitu dotore eta sofistikatua ematen die. “Kapritxo” bat egiteko gogoa duzuenontzat, diseinatzaileen bildumetara jo dezakezue; bestela, beste dendak diseinatzaile horietan inspiratzen dira, eta prezio eskuragarriagoetan bilatuko dituzu antzeko produktuak.
Beraz, ez iezazkiozu buruari buelta gehiegi eman, sinpletasuna baita nagusi 2015eko udaran. Blusatxo bat, short batzuk eta belaunerainoko sandaliekin prest egongo zara udarako egun beroetarako.