Herriko aberastasunak

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Manterola Garate 2016ko uzt. 29a, 10:00

Orain dela ia hogei urte ikasketak bukatzera atzerrira joan ginenean, askotan entzun genuen honelako zerbait: ona da kanpora joatea, beste jende, hizkuntza eta ohitura batzuk ezagutzeko. Edo beste hau: betiko bizimodua aldatzeko aukera ematen du, eta hori ona da norberarekiko distantzia hartzeko eta norbere burua hobeto ezagutzeko.

Batzuk Liverpoolera, beste batzuk Londresera, bakarren bat Frantziako Arroxelara (La Rochelle frantsesez)… Hantxe joan ginen, zer topatuko genuen ondo jakin gabe. Eta topatu, topatu… “munduko jendea” topatu genuen. Oraindik ere grazia egiten dit, nola ingurukoei-eta esaten nien ONUn bezala ikusten nuela neure burua frantseseko klaseetara joaten nintzenean: indonesiarrak, alemaniarrak, austriarrak, txinatarrak, irlandarrak, espainiarrak, malaysiarrak, japoniarrak…

Ez zen beti erraza izan etxetik urruti bakarrik egotea, eta momentu askotan bizipen zailak izan genituen, bakardadea askotan sentitu ere bai, eta, jakina, etxekoak eta norbere betiko leku eta bizimodua ere faltan bota genituen. Baina, hala ere, esperientzia aberasgarriak izan ziren, bizitza osorako marka laga ziguten egonaldiak izan ziren, eta, bakoitzak bere erara, norbere aldean ezberdina den jendearekiko eta bizimoduekiko errespetua izaten ikasi genuen.

Atzerrian bizi izandakoak etortzen zaizkit burura senegaldarrekin, marokoarrekin edo pakistandarrekin egoten garenean herriko plazan, “Musika Eskolako parkean” edo ikastolan. Orain hogei urte Londresen edo auskalo non topatzen genuen aniztasuna eta aberastasuna, gaur egun, herrian bertan daukagu, esku-eskura. Gure umeak Kontzejupean jolasean dabiltzan bitartean, jakin dezakegu Marrakex aldean garai honetan ze eguraldi egiten duen eta urteko ze garaitan komeni den paraje haietara oporretara joatea; edo Pakistango Punjab estatuko herrixketan jendea nola bizi den, emakumeek ze paper jokatzen duten hango gizartean, edo etxean eta kalean hitz egiten duten punjabieraz aparte urdua ere ikasi behar izaten dutela, eta, jakina, arabiera, otoitzerako. Kuriositate eta interes pixka bat izatea nahikoa da jakiteko, adibidez, Senegalen nola moldatzen diren poularra, wolofera eta frantsesa ikasteko. Edo nola Senegaldik etorritako gure herritar batzuek ez duten nahi beren seme-alabek wolofera ikastea, pentsatzen dutelako poularra dutela jatorrizko hizkuntza. Eta ez dauka parekorik pakistandar batek euskaraz esaten dizunean antzekotasun batzuk sumatzen dituela hemen euskarak eta gaztelaniak daukaten pisu ezberdinaren eta bere herrian punjabierak eta urduerak daukaten garrantziaren artean. Horrelakoak eta askoz gehiago ikasteko, “munduko berri” izateko, atzerrira joan behar izaten genuen orain dela urte batzuk. Eta bai pozik joan ere. Ondo ikusia zegoen. Gaur egun, berriz, nahikoa da egunero ikusten ditugun ezagun eta lagunei jakin-min pixka bat erakustea.


Ikasle garaian kanpora joan ginenok han ibili ginen, interesa erakusten zigutenei poz-pozik Euskal Herria non dagoen azaltzen eta nola bizi garen kontatzen. Ikaragarri estimatzen genuen “munduko jendeak” gure kontuak adi-adi entzutea, sumatzen genuelako, gure txikitasunean, haien munduaren parte ginela. Horregatik, asko irabazten dugu gure herritar eta bizilagun “berrien” bizimoduak, kulturak, kezkak eta erronkak ezagututa: munduko berri izateko aukera ematen digute, eta, gainera, jaioterritik urruti dabilenari gure munduaren parte dela erakusten diogu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide