Ekainarekin batera badator uda, badator San Joan sua. Batzuok opor usaina nabaritzen dugu giroan, beste batzuek, aldiz, egunaren luzatzea eta festen txinparta. Bai, badatoz herri eta izkina guztietako festak. Badatoz brindisak eta irribarreak. Badatoz kontzertuak eta badator Mitoaroa III. Badatoz abestiak, badator musika.
Musikaz arituko naiz gaurkoan. Batzuentzat eguneroko bizitzan oinarrizkoena da. Une oro behar dutena, eguneroko soinu banda. Beste batzuek, aldiz, momentu berezietan dute presente edo une polit eta gozoekin lotzen dute.
Nire kasuan, musika edo abestiak ez dira egunerokoaren parte, edota ez dute presentzia handia. Hala ere, azken bi hilabeteetan kantagintza presente izan dut hainbat ekitalditan. Apirilean, Maxixatzenen 30. urteurreneko bazkaria elkarrekin abestuz amaitu genuen, trikiti eta panderoen soinu ederrarekin. Maiatzean, aldiz, Euskal Hiriak Euskaraz irteeraren harira Iruñean izan ginen, eta bazkal aurretik kaleetan genbiltzala txistulari eta dultzainero talde bat agertu zen. Ikusi mendizaleak kantua jotzen ari ziren, eta beraien atzetik kalejiran zetozen hainbat lagun. Gu geu ere beraiengana hurbildu ginen, eta elkarrekin abestu genuen: "...euskaldunak gara, Euskal Herrikoak...". Azkenik, hilabete amaieran, Floreaga ikastetxeko kideok zortzigarren Kantu Jira antolatu genuen, eta herriko kaleetan kantari aritu ginen.
Kantuak badu zerbait, elkartzen gaituena, giro berezi bat sortzen duena, herria egiten duena
Hiru ekitaldietan momentu bereziak sortu ziren. Izan ere, kantuak badu zerbait, elkartzen gaituena, giro berezi bat sortzen duena, herria egiten duena. Musika bada euskaldunak elkartzen gaituen zerbait. Gure identitatearen parte da eta belaunaldiz belaunaldi gure balioak, gure identitatea eta gu geu garena halaxe transmititu da, elkarrekin abestuz.
Makrokontzertuen gaia pil-pilean dabilen honetan, nik kantu jira, kantu-bazkari eta halakoen aldeko aldarria egin nahiko nuke lerro hauen bidez. Horiek ere behar-beharrezkoak ditugu-eta aurrera egiteko. Behar ditugu gure identitatea mantentzeko, euskarak aurrera egiteko. Streaming plataformak nagusi diren eta munduko abesti guztiak klik batera ditugun honetan gurea defendatu, babestu eta kontsumitu dezagun. Abesti herrikoiak eta berriak transmititu eta abestu behar ditugu. Ba ote dago ezer hoberik lagunekin edo familiarekin bazkaldu ostean kantuan aritzea baino? Elkarrekin Isil-isilik dago edota Txoria txori abestea baino?
Esaera batek dio kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko, bada segi dezagun elkarrekin abesten, segi dezagun herria sortzen. Gu euskaldunak gara Euskal Herrikoak...