Oasiak eta irakasleak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Irizar Alberdi 2026ko maiatzaren 6a

Haurrak, jolasean. (Freepik)

Iosu Irizar kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Oasiak eta irakasleak'.

Otsaileko asteazken bat da, 22:30 aldea. Telebista piztu eta ETB1 jarri dut; bai, oraindik batzuok jarraitzen dugu telebista eta ETB1 ikusten. Tribuaren berbak saioaren atal berri bat. Atal horretan euskaldunen kopurua kalkulatu edota eguneratu nahian dabiltza aurkezleak. Batarekin eta bestearekin hitz eginda, ia milioi bat eta ehun mila euskaldun omen gara. Benetan hala bada, pozteko kopurua da, ezta? Zenbakia, behintzat, oso borobila.

Hala ere, badira Iñaki Iurrebasok saioan zehar aipatuko hainbat datu oso adierazgarriak eta kezkagarriak iruditu zitzaizkidanak eta egun hauetan buruan bueltaka izan ditudanak. Iurrebasoren hitzetan, gaur egun, euskaldun gehiagok egiten dute euskaraz baino hobeto erdaraz. Hau da, euskaldun gehienek erraztasun handiagoa dute euskara ez den beste hizkuntzaren batean komunikatzeko. Horrekin lotuta, aipatzen zuen ahultasun handia dugula gaitasunean, jendeak euskaraz komunikatzeko zailtasun handiak dituela. Biak lotuta daude, biak baieztapen latzak. Herrian ere hori gertatzen ari ote da?

Egunero-egunero saiatzen gara ikasleei euskara eta euskal kultura irakasten edota transmititzen

Guztiok dakigu hizkuntza baten ezagutza eta erabilera, nahiz eta lotuta egon, bide ezberdinetik joan daitezkeela. Datuek diotenez, gaur egun haurrek hitz egiten dute euskaraz gehien eta helduenek gutxien. Hori hizkuntza gutxituetan alderantziz gertatzen omen da, eta, agian, hori esperantza puntu bat izan daiteke euskararentzat. Baina azken kale neurketak fenomeno bitxi bat aipatu zuen Azkoitian: gazteak (16-24 urte) eta heldu gazteak (25-44) dira euskaraz gehien aritzen direnak, eta ondoren datoz haurrak. Hau da, haurrak ez dira herrian euskara gehien erabiltzen dutenak. Horrek sortzen didan galdera da hainbatek aipatzen duten gure oasi linguistikoa benetakoa edota "espejismo" hutsa ote den. Lotuta ote dago Iurrebasok aipatutako erraztasun ezarekin? 

Beti esan ohi da hizkuntzen kontuan hezkuntzak egiteko garrantzitsua duela. Egia da lan handia egin dela eta egiten dugula gaur egun ere. Bada, lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke irakasleei, eta, batez ere, euskara irakasleei gorazarre egiteko. Bai, merezi duten eskertzea egiteko. Ez dakit oso zilegi al den nik hori esatea, neu ere kolektibo horren parte naiz eta. 

Egunero-egunero saiatzen gara gure ikasleei euskara eta euskal kultura irakasten edota transmititzen. Nahiz eta gero eta zailagoa izan gure lana, hortxe jarraitzen dugu ahal dugun guztia eskaintzen gure ikasleak euskaldun aktiboak eta hiztun osoak bihurtzeko. Testuingurua asko aldatu den arren, irakasleon gogoak eta ilusioak hor jarraitzen du, eta horretan gabiltza euskaldunak sortu nahian! Beraz, gora irakasleak eta gora hiztun aktiboak!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide