Paolak eta lokomuxek

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Irizar Alberdi 2026ko urtarrilaren 31

Azkoitia, airetik. (Filmsuri)

Iosu Irizar kolaboratzaileak abenduko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Paolak eta lokomuxek

Gaurko honetan neguko arratsalde triste, hotz eta euritsu baterako jolas bat proposatu nahi dizuet. Jarraian duzuen istoriotxoa irakurtzera animatzen zaituztet. Erreparatu iezaiozue letra etzanez idatzita dauden hitzei. Ea nik galdera egin aurretik jolasa ulertzen duzuen. Gozatu irakurraldiaz! 

"Etxera bidean izugarrizko blaixe harrapau dut, abantaran joan naiz, antxintxike ere bai momenturen batean. Bebarrure sartu eta kristoren danbatekue hartu dut. Kurruxkaie bota dut eta paolan zeuden aitona-amona batzuk gerturatu zaizkit. Lurretik jaiki eta ganbelie minberaute dudala konturatu naiz. Belaunean morittue segituan atera zait. Gerturatu den gizon batek sasiletrauen antzera paola bat kontatu eta drote ein du. 

Belaxe aldamenekue azaldu da bajiña bat albisterekin. Gaur ere parean portunau behar al genuen! Lehenengo solairukoen exkurrumie lekutea joan omen da bizitzera; bizilagun berriek ostrokue prestatu digutela astebururako; amortzau duela lagun batekin eta tokulue daukala; xextrie eduki duela amatzakuekin; besteak engie ematen diola.

Tontamentin ordu laurdena igaro du bata eta bestea azaltzen. Ni melaute, pott einde etxera joan nahian, beirazune bota eta ostixena jotzen hasi aurretik alde egin dut. Atea ireki eta ispiluan dudan jittie edo piurie ikusi ondoren, logelara joan naiz. Barruko estimintze neukanez, ohera sartu, argia emendau eta lokomuxe egin dut. Hauxe zanbrie nirea!".

Oso tristea litzateke eta galera handia gure aiton-amonen hiztegia galtzea

Eta zer? Zer iruditu zaizue? Hitz guztiak ulertu al dituzue? Euskara batua eta Azkoitiko hitzak nahastu ditut esperimentu edota jolas honetan. Emaitza, agian, arraro samarra da, baina zergatik egin dut hori? Sentsazioa dudalako gure herriko hizkera galtzen ari garela, pixkanaka desagertzen ari dela.

Uste dut herriak ez duela lortu belaunaldi berrietara hitz horietako asko iristea eta are gutxiago beraiek egunerokotasunean erabiltzea. Nik 31 urterekin batzuk ez nituen ezagutzen eta erabiltzen. Eta mende honetan jaio direnek ezagutuko al dituzte? Beraien etxeetan familiekin erabiliko al dituzte? Edota lagunekin kalean?

Ba ez dut argi erantzuna. Garbi dudana da oso tristea litzatekeela eta galera handia herriarentzat gure aiton-amonen hiztegia galtzea. Etxe askotan egongo da Azkoittiko euskerie izeneko liburua. Zelako altxorra den liburu hori. Gozamena da liburua hartu eta bertako hitzak eta adibideak irakurtzea. Horretan aritzen naiz ni batzuetan. Gabonetako oporrak datozen unetan, zergatik ez dugu liburua familia artean irakurtzen eta pixkanaka hitz horien erabilera suspertzen? Maxixau ezazue aittitte eta amamakin eta andapandago ibili!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide