Umezurtz birtualak

Haur bat mugikorrarekin argazkiak egiten. (Anviere)

Ioritz Gonzalezek martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Umezurtz birtualak'.

Gaur, bizitzea egokitu zaigun errealitate edo mundu digitalari buruz ariko natzaizue; egunerokotasunean gutako askori saihestea hain zaila egiten zaigun errealitatea, bereziki, gazteenei. Azken horiek darabiltzaten hitz batzuk ezagunak egingo zaizkigu segur aski, hala nola Blogger, cyberbullying, Instagram, like, follower, tweet, hater eta match. Baina hausnartu al dugu zer eragin izan dezakeen errealitate horrek gazteengan? Egin al dugu gogoetarik izan ditzakeen ondorioei edota arriskuei buruz?

Belaunaldien arteko arrakala deiturikoa jada errealitate bat omen. Pentsatu une batez: Internetek ez ote ditu hesi fisikoak hautsi? Geure logelan, gailuari so gaudela, babesean gaudela pentsatu ohi dugu. Baina, agian, bakarrik ez gaudela pentsa genezake; eta, akaso, oraindik kostatu egiten zaigu errealitate hori onartzea.

Gazte bat, afalondoren, bere gelan sartu eta ordenagailuarekin edo mugikorrarekin Internetera konektatzen da, bakarrik, logelako babesean. Mundu ezezagun batean dabil nabigatzen, interes eta trikimailu ezberdinez josiriko errealitate batean, desinhibiturik; maiz, heziketa handirik jaso izan gabe. Esango nuke, askotan, geuk helduok ere nabigatzean segurtasun falta sumatu izan dugula, ziria sartuko ote diguten beldurrez; online erosketak egitean, esaterako. Ez ote dute beraiek arrisku bera edo gehiago izango?

Gazte gehienek ordu asko eskaintzen dizkiete gailuei, maiz heziketarik eta aholkurik jaso gabe

Bizitza erreala deitzen diogunarekin alderatuko bagenu, pentsa zenbat aholku jaso izan ditugun gaztetan, etxetik irten eta kalean bakarrik 'nabigatu' aurretik; gertukoengandik hainbat urtetako heziketa jaso ondoren lortu izan dugu heldu gabe irteteko baimena. Agian, hainbat aholkuren artean ezagunenetako bat hurrengoa izan daiteke: "Ezezagunez ez fidatu". Pentsa une batez Interneten gabiltzanean zenbat ezezagun aurki ditzakegun.

Askotan entzun izan dut: "Gure umeak badaki mugikorra erabiltzen, bakarrik ederki moldatzen da. Izatekotan, neuk galdetu beharko nioke berari nola erabili". Beharbada, gazteak jaio direnetik ohituak daude gailu horiek egunero erabiltzen, ados. Hala ere (agian neure pertzepzioa izan daiteke), nik uste gaiari ez diogula oraindik duen benetako garrantzia ematen. Gazte gehienek ordu asko eskaintzen dizkiete gailu horiei, maiz heziketarik edota aholkurik jaso gabe. Jada, mundu digitalean egin dezakegunak bizitza errealean ondorioak eragin ditzakeela esango nuke. Itsaso zabal horretan nabigatzeko behar dituzten baliabideak, geuk, helduok, erraztu behar dizkiegulakoan nago. Ardiaren erruak bildotsak ordaindu ohi dituela esan ohi da. Ez al da geure egitekoa, beraz, beharko dituzten gaitasunak garatzeko baliabideak eskaintzea? Ez ote daude umezurtz, bizitzan ezinbesteko duten eremu batean?

Urak bidea eginen duela esan ohi da; eta gazteek ere eginen dute, ezbairik gabe, baina latsa nondik bideratu da kontua. Ez genuke ahaztu beharko, gaurko irakatsiek argituko dizkietela biharko bideak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide