Zurkaitzak

Ioritz Gonzalezek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako  iritzi artikulua: 'Zurkaitzak'.

Orain ez dela asko irakurri nuen aita-seme batzuek egin zuten Lazkao Txikiren margolan bati buruzko albistea. Azpian honako esaldi hau zuen: "Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan". Badirudi ez zebilela guztiz oker, bere esana zentzu gehiago hartzen ari dela urteen poderioz.

Agian, neure irudipena izan daiteke, baina azken ikerketen arabera, eskoletan, kalean zein arnasguneetan euskararen erabilera jaisten ari da, bereziki gazteen artean. Lehenengo hausnarketa, beraz, nahitaezkoa bezain zentzuzkoa da: zeintzuk izan daitezke arrazoiak? Seguraski, kausa bat baino gehiago daude, eta aditua izan ez arren, azken urteetan jasaten ari garen ohitura digitalek eragina dutela esango nuke. Bizitzak gero eta digitalagoak dira, kontsumo ohiturak guztiz aldatu dira; Hego Euskal Herriko euskal hiztunen erdiak plataforma digitalerako sarbidea du. Baina hausnartu al dugu horrek gure hizkuntzan izan dezakeen eraginaz?

Adituen arabera, pantailetan euskararen presentzia sinbolikoa da. Adibidez, euskaldunon %47k streaming bidezko plataformak kontsumitzen ditugu, eta 20-24 urtekoen artean, %75ak. Baina plataforma horietan zenbat film daude euskaraz? Netflixen, hiru; Disney Plusen eta HBO Maxen, bat ere ez; eta Amazon Prime Videon, bi. Telesailik euskaraz ezin da ikusi horietan. Ondorioa beraz, argia da: gazteen erreferente ia guztiak erdaldunak dira.

Badirudi gero eta jende gehiagok dakiela euskaraz, baina esparru digitala eta erabilera beste kontu bat da. "Nola soinu, hala dantza", esan ohi dute, eta gazteei digitalki euskaraz sozializatzeko aukerarik eman ezean, erabilera erasateko arriskua larria dela dirudi.

Denbora asko ez dela, gazteentzako ikus-entzunezko eduki arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta egon ohi ziren, euskara informala zabalduz. Esaterako, Dragoi bola telesailean hitanoz egiten zuten, eta telesailak arrakasta kontuan izanik, belaunaldi guzti batek erreferentzia euskaldunak izan zituen. Egun, jakina da guztia euskaraz kontsumitzea ezinezkoa dela, baina nahikoa egiten ari ote gara gazteek erreferente euskaldunak izan ditzaten? Aditu batek baino gehiagok dio jada belaunaldi guzti baten hizkuntza ohiturengan eragin zuzena izaten ari dela erabilerari dagokionez.

Azkenaldian, badirudi gaia garrantzia hartzen ari dela, gizarteko hainbat eragilek bultzatuta. Estatuko aurrekontuetan ere eztabaida piztu da, alderdi katalanek gaia mahairatu ondoren. Euskal Herrian ere hainbat ekimen ari dira sortzen gaiarekin kezkaturik, eta jada gaia Eusko Legebiltzarrean hizketagai izan da, Pantailak Euskaraz herri ekimenak bultzatuta, besteak beste. Espero dezagun berandu baino lehen horrelako ekimenek behar duten bultzada jaso eta gure hizkuntza zurkaizteko neurriak ezarriko dituztela, aldi joana ez baita itzultzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide