Diru-gosea gaixotasun bat da, beste edozein bezain kaltegarria. Jatorri bat du, eta ondorio batzuk ere bai. Ia denoi eragiten digu, baina batzuen kasuan eritasuna larria da. Sexu adiktoak, drogen menpekoak, ludopatak edo bestelako adikzioak dituztenak identifikatu eta haientzat egindako tratamenduak sortzen baditugu, zergatik ez dugu gauza bera egiten diruari katigatuta bizi diren gaixoekin? Diruagatik edozer egiteko kapaz den jende gehitxo dago munduan, eta euren jokabideak eragin itzela du famlian, gizartean, munduan. Zergatik ez jarri soluzio bat gaitz larri horri?
Hasteko, Dirugelak sor daitezke auzo aberatsetan. Besteen dirua lapurtu, metatu, ustelkerian erori edo lagun hurkoa esplotatzeko gogoari eutsi ezinik dagoenarentzat babesa eskaintzen duen toki bat, alegia. Diruzalekeria krisiak gainditzeko Monopoly partidak edo gezurretako diruarekin baretzen laguntzen duen bat-bateko terapia. Behin-behineko irtenbidea litzateke, baina epe luzerako emaitzak lortzeko terapia zentro bereziak sortu beharko lirateke. Dirurik gabe bizi daitekeela frogatzeko balioko luketen tutoretzapeko egonaldiak, esaterako. Lukurreriak jotako gaixoak gizarteratzeko terapiak Osakidetzak ordainduko lituzke, ordainketa partekatuaren bitartez.
Epe luzerako laguntza moduan, Aberats Anonimoen bilerekin indartuko litzateke adikzioa atzean uzteko ahalegina. “Kaixo, Josu Jon naiz eta hiru aste daramatzat neure diruarekin konforme eta inoren jabetza desiratu gabe”, entzungo litzateke kez eta kafe usainez betetako bilera geletan, eta beste gaixoentzat oso lagungarria litzateke Josu Jonen testigantza entzutea.
Bestalde, zekenkeriarekin zerikusi zuzena duten tokiek edo sinboloek nolako egoera kritikoak sorrarazten dituzten jabetu beharko genuke. Bankuetan, kasinoetan, bingoetan, loteria administrazioetan eta bestelako toki arriskutsuetan ohar ikusgarriak jarriko genituzke. “Lapurtzeak hil egiten du”. “Umeak babestu: ez utzi diru zikina eskuekin ukitzen”. “Dirua pilatzeak zure (eta besteen) bizi-kalitatea kaltetzen du”. “Dirua oso adiktiboa da. Ez kontsumitu”.
Neurri horiek guztiek kale eginez gero, eta gizarteratu ezineko aberatsik ikusiz gero kalean, bere trajearekin, maletatxoa esku batean, txartel beltza edo urre kolorekoa krokodilo larruazalarekin egindako diru zorroan gordeta, eta iPhone garestiena beste eskuan duela “Erosi!... Saldu!” edo antzeko oihuak botatzen, izan errukia, mesedez. Ez gaizki begiratu eta saiatu nazka disimulatzen. Ez ahaztu gaixoak direla eta laguntza behar dutela. Inor ez dago salbu. Nork daki zein izango den hurrena erortzen? Dirua leku guztietan dago, eta gero eta merkeagoa da.
Soluzioa ilegalizazioan ikusten duenari, berriz, esango nioke errua ez botatzeko diruari. Dirua bitarteko bat besterik ez da, gauza on asko egin daitezke berari esker eta esperientzia zoragarriak ere eskain ditzake. Beti bezala, neurrian dago kontua. Paracelsok esan zuen aspaldi: “Ezer ez da pozoia, dena da pozoia: dosian dago aldea”.