Ez dakit zehazki noiz sartu zitzaidan, birus kutsagarri baten modura, ideia hori buruan. Lehen aldiz noiz galdegin nion nire buruari, berriz, bai. Ostegun goiz bat zen. Zazpiak bueltan zirela. A8-an barrena gidatzen nenbilela etorri zitzaidan, espero gabe, hasperen bat bezala: zer nezesidade orain lantokira joateko?
Galdera absurdoa da, ala? Baina ordutik erantzun bila eman ditut hilabeteak eta, azkenik, galderari ezin erantzunda, irtenbide logikoena hartu behar izan dut. Akabo, utzi egin dut. Ez nau asetzen. Ez nau pertsona modura hobetu edo hezten. Ez dut sentitzen nigan garapenik. Errepideko marren modura bizitzaren marra lerroari segika iritsi nintzen lan honetara, egin beharreko pauso logikoa zelako. Ikasi, lan, hil. Jakitun naiz bizitzak horretara behartzen gaituela ia denok, ez dagoela denon esku balazta zapaldu eta geratzeko aukera hau. Bada, bidetik irteteko aukera probesteko pribilegioa dudan honetan bolanteari bira eman diot. Gustuko dudan zerbaiten bila noa, mapetan agertzen ez den norabide batetik.