Duela apenas egun batzuk jabetu nintzen danborrek eta barrikek sortutako burrunba artean nengoela. Entseguetan ezagun egin nituen aurpegi horietan ikusi nuen ilusioa eta poza zen asteetako lanaren emaitza eta zentzua azken finean. Inoiz halakoren batean parte hartu gabea nintzen, eta garbi ikusi nuen ez dela danborra jotzea edo desfilatzea, zerbaitetan zure aletxoa jartzea baizik, nonbait zure lekua hor dela sentitzea, komunitatean. Eta inoiz ikusi ez diodan dimentsioa ikusi nion orduan Izarraitz klubari.
Areto futboleko talde bezala sortua, hori baino askoz gehiago zen une horretan: zerbaitetarako grina duen edonor biltzeko espazioa. Futbolean aritzeko desira zuen lagun talde bat elkartu zuen modura engaiatu zituen hilabete azpitik jatorri ezberdinetako ia berrogeita hamar lagun danbor hotsen artean. Eta uste dut hori dela herrian edozein esparrutan diharduen edozein elkartek izan dezakeen aspirazio gorena: marasma saretu, sarea haritu. Batzeko lekua behar zuen edozein norbanako, haren edo besteren lagun edo herritar solte ehundu zen une hartan plazetan eta kaleetan barrena, konpartituriko zerbait horren parte. Hori guztia eta ez gutxiago.