Espainiako justiziak orain gutxi ateak itxi dizkio euskara nagusi den herrietan, Azkoitiaren kasurako, udal komunikazioak euskara hutsean publikatzeko aukerari. Euskararen sustapenak eta normalizazioak jasotzen duten azken kolpea da, arazoaren enegarren sintoma. Legediak euskara eta gaztelania berdintasun maila berean daudela saltzearen mezu manikeoarekin –euskara erabiltzeko eskubidea gaztelania jakiteko derrigortasuna aldarrikatzen duen legearekin batera doanean, berdintasun kuriosoa hori– euskararen sustapenerako edozein egitasmo botatzen da atzera, besteak beste, estatuak ondo dakielako uniformizazio kultural eta politikoaren aurrean arerio nagusia hizkuntza gutxituak eta ezaugarri kultural propioak direla.
Eta horren aurrean euskaldunok zer egingo dugu? Elementu bat gutxiago gure eguneroko ekosisteman: erakundeetan euskararentzako mugak, kalean erabilera beherantz eta gure gazteen sozializazioan eta aisian lekurik ez. Politikoki bederen honetan ados jarriko gara ala kargu eta erakunde batzuk mantendu edo lehiatzearren daukagun altxor nagusia galtzeko prest gaude?