Errematea

Um blem ble

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2024ko abe. 23a, 09:00

Kopak urez betetzen. (Pixabay)

Imanol Elezgarai kolaboratzaileak azaroko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Um blem ble'.

Orain dela egun batzuk lagun baten ezkontzan izan naiz, eta bertan dantza eta algara nonahi egoteaz gain alkohola ere barra-barra izan zen, nola ez. Bazkari-aurreko luntxetik hasi eta kalera festarekin jarraitzera abiatzeraino ardo, likore eta garagardoek hasieratik amaierara laguntzen dute ospakizuna, eraztunen edo maitasun zinen mailako liturgian.

Bazkari bitarteko topa horietako batean hasi nintzen pentsatzen zeinen arrotza zen "gora" altxatzen nenbilen urez beteriko kopa hori. Gure aisialdia alkoholarekin lotzea hain dugu normalizatuta, non halako ekitaldi batean ez kontsumitzea ez den sartzen normaltasun baten barruan jendearen begitara: gaixo zaude ala? Antibiotikoren bat hartzen, akaso? Segur aski ez gara jakitun zein absurdoa den sozializazioaren errutina alkoholaren bueltan lotzea eta zinemara edo mendira joatea jarduera bereziagoak izatea "zeozer hartzera" joatea baino. Brindisaren letra kuestionatzen ez dugun bezalaxe, keinu honen atzean dagoen guztia ezbaian jarri gabe altxatzen dugu gora "kopa hori".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide