Udalbatza berria dugu herrian, eta emaitzak emaitza (hitz hauek maiatzaren 28aren aurretik idazten ditut, beraz ezin hauen inguruan ezer komentatu), batzuk pozarren eta besteak hortzak estuturik, lau urterako zoria goraka begira geratu den txanponaren aurpegiak erabaki balu bezala. Batzuen zein besteen esker mezu eta autokritika urriaren artean, ospakizun handiena aurreko asteetan buru-belarri ibili diren herriko brigada, igeltsero, garbitzaile eta bestelako beharginena izaten da, merezitako atsedena hartuko dutelako. Asfalto jarri berriaren usaiak eta lore landatu berriek ehunka programek baino boto gehiago erakartzen dituzte.
Tradizio ez idatzi bat da hauteskunde ondorengo kortesiazko aurreneko ehun eguneko tartea ematea agintariei, beren lana epaitzen hasi aurretik, kargura moldatzeko. Bada, alderantziz behar luke. Napoleon Elbatik itzultzean bezala, egunik deserosoenak behar lukete horiek agintarientzat. Frantziarren cent-jours horien tankerara giza borborrerako egunak behar lukete, oroigarri modura, maiatzaren 29an hasten dena ez dela lau urterako txeke zuri bat, kanpainan agindutakoaren inguruan kontuak emateko tartea baizik.