Orain arte

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2022ko abe. 29a, 09:31

Imanol Elezgaraik abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Orain arte'.

Denbora gure egunotako misteriorik handienetariko bat da oraindik. Denari zifra bat jarri eta neurri hartzeko gai garela uste dugu; hirurogei segundo, ordubete, mende erdi, bizitza oso bat. Alabaina, denboraz dugun sentsazioa maiz ez dator bat zifra artifiziotsu horiekin. Segundo gutxitako muxu bat eternala izan daiteke; hilabeteko oporraldi bat, berriz, eskutatik ihesi doakigu argiaren abiaduran.

Azkenaldian ondoezak jota nabil, ezer seriorik ez, espero dut. Aste gutxi batzuk dira momentuz, eta hala ere, asteak bailiran pasatzen zaizkit egunak, urteak balira bezala asteak. Pasiera bat, zinemara joatea, lagunekin trago bat hartzea edo besterik gabe ohean etzatea zeinen gauza ederrak diren ez dugu askotan baloratzen, horiek mina edo ondoeza sentituz egin behar ditugun arte. Eta orduan, frustrazioak gain hartuta pentsatzen duzu: "Eta hau betirako balitz? Ez al dut berriz burua argi dudala plazer txiki horiez disfrutatuko? Bizitza, minik gabe, honaino balitz, aprobetxatu al dut? Zer egin dut nik orain arte?".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide