Batzuek bakartasunean urte luzez sufritu zuten, bizkarra eman zien gizartearen isiltasuna beharrezko konplize zutela. Beste batzuek aurre egin zieten, eta biziarekin ordaindu zuten. Garaile irten zirenak ere badira. Betirako geratuko zaien zama soinean daramatela, gehienetan iristen ez zitzaien hurkoaren aitorpenaren zain. Beldurrez, egunerokotasunean arerioarekin berriz topatzeko ikaraz. Beti arriskuan dagoenaren beldurra sufritzen, horren aurrean bakarrik ezer gutxi egin dezakeela dakienaren sumina barruan daramala. Oraindik sufritu ez dutenek, ezinbestean pairatuko dutela jakitearen madarikazioa daramate soinean.
Lurraldetasun gatazka eta guda erlijiosoetatik gaindi, emakumeen aurkako indarkeria da egun bizi dugun gerrarik krudelena. Gerra diot, batek baino gehiagok puntu honetan harridura agertuko duen arren. Ez dago beste kolektibo, etnia, kultura edo hizkuntzarik emakumeena baino egoera lazgarriagoan bizi denik. Horren erakusle da eraso sexisten inguruko etengabeko albiste jarioa. Telebista piztu, irratia entzun edo egunkariak irakurriz gero, ez da egunik horrelakorik ematen ez denik. Udaren iritsierarekin, herriko jaietako festen eta alkoholaren itzalpean azaleratzen diren kasuen adibideek soilik orrialde osoa beteko lukete: Iruñea, Zarautz, Santurtzi, Sopela, Donostia, Irun...
Esanda doa indarkeria hau ez dela estazio kontua. Urte osoan gertatzen dira indarkeria kasuak: irainak, zirriak, bortxaketak, kolpeak, hilketak. Etxera bakarrik itzultzeko beldurra, desiratuak ez diren “laudorioak”, jazarpena, kontrola, espazio seguruak ez izatea, tratu txarrak, torturak. Su-etenik gabeko guda.
Akats izugarria da erasotzailea gaixoa edo gaizkile hutsa dela pentsatzea. Norbanakoari zuzendutako kritika zorrotzak hondoko arazoa estal dezake. Erasotzailea ez da jaiotzez erasotzaile, hezi egiten da. Sistemak berak hezten ditu gizonezkoak kontrol egoera batean eta emakumeak dependentzian. Sistemak eragiten du gizonezkoek espazio publikoa okupatzen duten bitartean emakumeek espazio hori lortzeko lehiatu behar izatea. Jaiotzetik gizonak urdin, emakumeak arrosa. Gizonak indarra, kemena eta seriotasuna. Emakumearentzat sentimenduak eta fintasuna. Kirol markak hausteak egiten gaitu gizon, antza, ez negar egiteak. Urte luzez egindako gizarte eraikuntzaren ostean, bakoitza bere lekuan dago erasoaren momentuan ere: erasotzailea, dominatzaile; emakumea, biktima, dominatu.
Argi utzi nahi dut. Hau ez da gizonen eta emakumeen arteko gatazka. Dominatzaile eta dominatuaren arteko dikotomia da. Eta dominatuak aske izan daitezen, dominatzaileak bere gain hartu dituen pribilegioei uko egin behar die. Bide horretan, irmoki sinesten dut gure garaian ideologia iraultzailerik badago, hori feminismoa dela. Ez dago besterik sistema kapitalista honetan pribilegioak bukatu eta legedia hotzetik haratago berdintasuna planteatzen duenik. Horren aurka jotzen dutenek beren buruari galdetu beharko liokete gertatzen zaiena ez ote den beren pribilegioak arriskuan ikusten dituztela. Horiek, guztion askatasunerako, armak entregatu eta disolba daitezela.