Ez dakit hitz hauek irakurtzen dituzuenean zein izango den gizartearen egoera... Baina gauza bat garbi daukat: Euskal kultur eragileen egoerak tamalgarria izaten jarraituko du. Bai, badakit beste sektore asko ere horrela aurkitzen direla, noski dakidala. Baina dakidanaz berba egitea gustatzen zait. Hori bat. Eta bi: egoera prekarioan gaudenok elkarrekin sesioan hasten bagara, ea nor den prekarioena ezta-baidatzen, ez al diogu gutaz etekina ateratzen duenari garaipen txiki bat ematen? Ba hori...
Kulturaren prekarietateari dagokionez, beldur naiz Txinatik etorri zaigun birus hau ez ote den azken kolpea izan askorentzat... Pentsatu nahi dut ezetz. Baina hauxe da egoera: eragile hauetako askoren eguneroko ogia ekitaldietan zuten publikoari esker zetorren (izan kontzertuetakoak, izan antzerki emanaldietakoak, zinemako ikusleak, irakurketetara gerturatutako kuriosoak...). Berrogeialdiak etxean utzi ditu ordea, bai beraiek, baita publikoa ere. Bai, asko sare sozialetan zuzeneko emanaldi inprobisatuak ematen ikusiko zenituzten, baina ez gaitezen engainatu: gehienek ez dute zentimorik ere jasoko hortik. Soldata ekartzen zieten emanaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta auskalo noiz eman ahal izango duten beste bat...
Hau guztia soberan dakizuela asimilatuta (eta ziur nago bakoitzak bere sektorean ere antzekotasunak biziko dituela...) pare bat eskaera xume egitera nator.
Bat: berrogeialdia hasi orduko, bi galdera behin eta berriz irakurtzen hasi nintzen. Alde batetik, ea komuneko paperik gelditzen al zen supermerkatuetan. Eta bestetik, ea zein pelikula, telesail edota telebista saio gomendatzen zuen jendeak, egoera eramangarriagoa egiteko. Espero dut honela, behintzat, jendeak benetan baloratzea (orain inoiz baino gehiago) produkzio horien atzean dauden aktore, zuzendari, gidoilari, teknikari, produkzio arduradun, jantzitegi eta abar luze baten lana (lasai, ni ere asko ari naiz baloratzen beste askoren lana. Supermerkatuko langileena edota farmaziakoena, horrenbeste behar ditudan elikagaiak eta medikamentuak saltzen dizkidatenean. Ez naiz ahazten, benetan).
Eta bi, eta garrantzitsuena: hau guztia amaitzen denean... Bete ditzagun antzokiak. Bete ditzagun aretoak. Bete ditzagun gaztetxeak. Ikus eta entzun ditzagun euskal kultur eragileek sortzen dituzten abestiak, antzezlanak, pelikulak, hitzaldiak, irakurketak... Mesedez, ez dezagun euskal kultura hiltzen utzi (eta berdina eskatzen dut herriko komertzio txikienentzat).
Esperantza dut... Esperantza dut kolpe gogor honetatik aterako garela.
Hori bai... Guztion artean egin beharko diogu aurre. Ez duzue uste?
Zaindu!