N: Tira, lanpostua biotako batentzat izango da. Galdera batzuk nahi dizkizuet egin… Baduzue ikasketarik edo lan esperientziarik?
ZU: Nik bai. Lau urte pasatu nituen unibertsitatean, beste bat masterrean, eta lanpostu honetan bost urteko esperientzia daukat beste enpresa batean.
BB: Ba begira… nik ez. Ez ikasketarik, ez esperientziarik.
N: Ados… eta zuen sare sozialetan zenbat follower dituzue?
ZU: Ba… ehun lagun Facebooken, berrogei Instagramen.
BB: Bakarrik? Ba nik laurogei mila Instagramen, eta Youtuben kanala.
N: A, bai? Laurogei mila? Ba zorionak! Lanpostua zeurea da!
ZU: Baina… Nola liteke?
N: Nola litekeen? Espabila zaitez eta hasi zure sare sozialak potentziatzen!
ZU: Nik ikasketak dauzkat. Eta esperientzia!
N: Eta zer?»
Hemen amaitzen da gidoia…
Apur bat surrealista, ez duzu uste? Imajinatzen horrelako zerbait gertatzen zaizula? Laneko elkarrizketa batean horrelako umiliazioa jasan beharra? Gogorra, ez duzu uste? Zuk hainbeste diru, denbora eta sakrifizio jasan ondoren… nola ausartzen da zuri aurpegira hori esaten? Zein irain klase da hori?
Ba begira… antzeko zerbait pasatu zaie nire lankide emakumeei orain dela gutxi.
Casting deialdi batek honako hau zioen:
«Madrilen, telesail berri baterako 17-22 urte bitarteko emakumezko aktoreen bila gabiltza; Instagramen gutxienez laurogei mila jarraitzaile eduki behar dituzte edo influencer-ak izan behar dute».
Aupa, aupa eta aupa! Txalo zaparrada handi bat casting horretako zuzendariari! Iuju!
Segur aski sare sozialetan izango zenuten horren berri, asko partekatu baita. Iragarkia oso iraingarria da hortik bizi garen (edo saiatzen garen) edonorentzat. Noiztik dira garrantzitsuak sare sozialetako jarraitzaileak telebistan/zinean/antzerkian lan egiteko? Noiztik balio dute pertsona baten profesionaltasunak, talentuak eta formazioak baino gehiago? Nola azaldu behar diot nik hau antzerki eskola batean denbora eta dirua inbertitzen ari den aktore gazte bati? Edo lanik ez eta taberna batean lan egitea onartu behar izan duen bati? (Eta honekin ez dut tabernariaren lana kakatara botatzerik nahi; aktoreak nahi ez duen lana delako diot. Gainera, aktore gehiago daude tabernako barretan telebistako platoetan baino. Zoritxarrez).
Produktu bilakatu gaituzte. Marka bat. «Zenbat jarraitzaile dituzula? Komeni zait jakitea, nire pelikula ikustera zenbat jende etorriko den kalkulatzeko. Ez duzula formaziorik? Eta nori axola dio horrek! Kamera aurrean/taula gainean jarri eta esaldi batzuk errepikatzea da! Hori edonork egin dezake!».
Bai… tamalez askotan jasan behar izan ditugu horrelakoak.
Hainbeste maite dudan lanbide honetan, istorioak kontatzea zerbait sekundarioa bilakatu da. Bigarren mailako zerbait. Eta pena ematen dit. Tristura handia sartzen zait gorputzean, eta negarrez hasten naiz. Psikologoarenera joatea pentsatu dut, baina gomendatu didatenak hogeita bost jarraitzaile bakarrik dauzka Instagramen, beraz ez naiz joango.
Txantxa da.
Baina ohartu zarete zer esan nahi nuen, ezta?