Erabakiaren bidea herritarrek marraztea da xedea; etorkizunaz erabakitzen hasi, aldarrikatzetik gauzatzera igarota. Erronka hori ardatz hartuta, aro berri bati ekin dio Azkoitiko Gure Esku Dago herri egitasmoak. Taldea eraberritu, eta Leire Lopezek (Bilbo, 1983) hartu du gidaritza. Begirada herri galdeketan jarrita ekin diote bide berriari, eta horretarako lurra jorratzen hasita daude. “Gure nahia hori da, baina hori ez da Azkoitiko Gure Esku Dago taldeak bakarrik erabaki beharreko zerbait. Azkoitiko herriari dagokio herri galdeketa nahi duen edo ez erabakitzea. Jendearengandik baiezkoa jasotzen badugu, galdeketa egingo dugu, baina horretarako borondate argirik ikusten ez badugu, ez dugu aurrera egingo”, esan du Lopezek.
Azkoitiko Gure Esku Dago egitasmoaren ibilbidea nabarmendu du gidari berriak, geroaz hitz egiten hasi aurretik. Haren hitzetan, “gu aurrekoek egindako lanagatik gaude hemen, eta erronka beti izan da berbera”. Bide oparoa egin du egitasmoak norabide horretan. 2014an 150.000 lagunek parte hartu zuten giza kate erraldoi eta historikoan. Durangotik Iruñera, 123 kilometroan zehar, erabakitzeko eskubidea eskuz esku aldarrikatu zuten, eta tartean ehunka azkoitiar izan ziren. Handik urtebetera, mosaiko ikusgarria egin zuten Donostiako Zurriola hondartzan, eta, han ere, azkoitiar ugari bildu ziren. Iaz, berriz, Euskal Herriko bost hiriburutan festa erraldoiak egin zituzten, eta, horietan ere, milaka lagunen artean bazen azkoitiar mordo bat.
Herri mailako egitasmo txiki asko ere egin dira azken urteotan, eta joan den azaroan aro berri bati hasiera eman zioten, Eskura hausnarketa prozesuaren bidez.
Bide orria
Borondateak ehundu, bidea adostu eta etorkizuna erabaki. Hiru urrats horiek osatzen dute Gure Esku Dago mugimenduaren bide orria. Herritik sortutako egitasmoa izanda, herritarrak protagonista soil izango dituen bidea egin nahi dute, eta zehaztu dituzten pauso guztien ardura herritarren esku utziko dute. Aro berri honetako aurreneko ekinaldia apirilaren 2an egin zuten: 70 bat lagun bildu ziren Elkargunean, erabakitzeko eskubideaz gogoeta egiteko. Batzar horretan herritarrek azaldutako proposamen eta iritziak hezurmamitzen hasi dira orain. “Lehenengo lana jendearengana iristea da. Gure Esku Dago zer den eta hemendik aurrerako helburuak zein diren herritarrei azaltzea da gure lana. Batzar horretan jasotako proposamenak gauzatzen saiatuko gara, eta modu horretan jendea aktibatzea da gure nahia. Jasotzen dugun erantzunaren arabera, hurrengo urteko udaberrian herri galdeketa egitea da asmoa, betiere herriak nahi badu, noski”, adierazi du Lopezek.
Orain arte herritarrengandik jasotako babesarekin “oso pozik” daude taldekideak. Jende askok parte hartu du, eta ilusioz begiratzen diote etorkizunari: “Azken batean, ariketa demokratiko baten defentsan ari gara, oinarrizko eskubide baten alde”, azpimarratu dute.
Erabakitzeko eskubideaz “mezu bakarra eta sinplea” helarazi nahi diote herriari: “Etorkizuna gure esku dagoela esan nahi diegu herritarrei, bai arlo politikoan eta bai bizitzako beste edozein arlotan. Ezin dugu gure etorkizuna besteen eskuetan utzi. Eskubide hau aurrera eraman nahi badugu, oinarritik, herritik hasi behar dugu lanean, behetik gora. Herritarrok dugu hitza”, adierazi du Lopezek.
Taldeekin harremanak
Gure Esku Dago herri egitasmoak, hasiera-hasieratik, alderdien lehiatik kanpo kokatu du bere burua, eta hori behin eta berriz nabarmentzen dute taldekideek. “Gure Esku Dago herri dinamika bat da, eta alderdien lehiatik kanpo kokatzen dugu geure burua, erabat. Gure Esku Dago mugimendu plurala da, alderdi eta ideologiez haratago doana. Halere, horrek ez du esan nahi ez dugula behar alderdi, sindikatu eta beste edozein mugimendu sozialen kolaborazioa eta laguntza. Adibidez, herri galdeketarako bidean, behar-beharrezkoa ikusten dugu udalaren kolaborazioa eta laguntza”, esan dute lantaldearen ordezkariek.
Udalarekin duten elkarlana oraingoz “handia ez” dela nabarmendu dute, baina bide hori lantzearen eta sakontzearen alde agertu dira. “Guk hilero egiten ditugun bileratan parte hartzera gonbidatu ditugu, Gure Esku Dago taldearen berri barrutik izateko. Aurreko urteetan urtero 2.000 euroko laguntza eman digu udalak, ekintzak gauzatzeko, eta, aurten ere, harremanetan gabiltza hori lortu ahal izateko”, diote.
Orain arte, herriko gainerako taldeek baiezko erantzuna eman dute elkarlana eskatu zaien bakoitzean. Aro berri honetan, harreman horiek sakontzea eta kolaborazio bide berriak irekitzea da asmoa. Horretarako, taldez talde bilera sorta egingo du Gure Esku Dago-k datozen hilabeteotan, taldeek zer iritzi duten jakiteko eta elkarlana abiarazteko.
Galdeketa
Herriz herri dinamika propioak abiarazi ditu Gure Esku Dago-k. Tokian tokiko abiaduretara eta ezaugarrietara egokituz ari dira “kultura demokratikoa sustatzen eta herri galdeketak bideratzen”. Hala, Azkoitiko taldeak 2017ko udaberrian bat egin nahiko luke Urola Kosta osoan egin asmo den galdeketa prozesuarekin. Uste dute ordurako beteko direla herritarren borondateari eta parte hartzeri bide emateko baldintzak.
Eskura dokumentuan jasotako bideari tiraka egingo du aurrera Azkoitiko Gure Esku Dago-k, eta lortutako adostasunak zehaztuko du erabakiaren bidea. Bide hori guztia egiteko eta antolatuko diren egitasmoak finantzatzeko, laguntza ekonomikoa ere behar du taldeak, eta, horretarako, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kontu zenbaki hau ireki dute, nahi duen orok bere alea jar dezan: 303500317903111049565.