Ez luke inork ere esan nahi duena gaizki ulertzerik nahi Mari Karmen Seijasek (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). «Ez dugu txarrera jarri nahi; ez da hori gure asmoa». Bihar, Eusko Legebiltzarrean hartuko du hitza, Osasun Batzordean, EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko legebiltzarkideek egindako eskariei atxikita. Donostia Unibertsitate Ospitalean, onkologia pediatrikoko arloan, haurrak artatuak dituzten guraso talde baten izenean solastatuko da. Hilabeteak daramatzate denek ere umeen ondoan, gauak eta egunak erietxean eginez —berak, esaterako, 2 urteko seme bat du leuzemiak jota; sei hilabete pasatxo daramatza larri—, eta kezka dute usu leku falta antzeman dutelako. Eta, bihar, bereziki, horri erreparatu nahi diote. Eskerrak ere emanez. Izan ere, oro har, jasotzen ari diren arta bikaina dela dio. "Profesionalak mundialak dira: mundialak·. Baina zazpi gela besterik ez dago erietxean haur eta nerabe minbizidunentzat, —bost, bakarturikoak; bi, arruntak—, eta leku faltan ikusi dira hainbatetan. Horregatik kezka: taupadaka. "Nahikoa dugu gaixotasunarekin, gainera leku faltaren kezka ere hor izateko".
Jarraitu irakurtzen, Berria.eus -en