Esan egia: zuen etxean ere lentejak jaten dira astelehenetan. Txorizo muturrarekin edo dena delakoarekin, baina lentejak; edo dilistak euskara jatorrean. Eta ez gorriak edo beltzak, baizik eta betikoak, marroiak: pardina.
Bestela ez zarete azkoitiar peto-petoak. Denboran zehar egindako kaleko inkesta inprobisatu batek eta batik bat emaitza horiek beste hainbat herritatik Azkoitira bizitzera etorritakoekin alderatzeak narama zera baieztatzera: hitzen bukaeran -xe erabiltzea adinako azkoitiartasunaren ezaugarri da astelehenetan lentejak jatea.
Eibartik Azkoitira bizitzera etorritako hiru bat neska ezagutzen ditut, eta erabat deigarria egiten zaie gure ohitura errotua. Bekainak altxatzen dituzte harriduraz: "Zergatik?". Ez dira harritzen soilik gure sukaldeko egutegi irmoaz, gure ordutegi finkoekin ere harritzen dira: astegunetan, 13:00etan bazkaldu eta 20:00etan afaldu; eta asteburuetan eta igandeetan, gehienez 14:30ean bazkaltzen dugu. Eibartar horietako batek esaten zuen flipatu egiten zuela, astegunetan, arratsaldeko zortziak jotzearekin batera, denok txintxo-txintxo eta banan-banan jaikitzen eta etxeratzen ginelako. Azkoitiar eta eibartar banak osatzen duten bikote horietako batek, gainera, badu pasadizo kurioso bezain esanguratsu bat: gaueko hamarretan jarri zuten hitzordua, eta elkartu zirenean zera esan zion batak besteari: "Zer, non hartuko dugu kafea?". Eta besteak erantzun: "Kafea? Afaldu gabe?". Asmatuko duzue zein zen azkoitiarra: aspaldi afalduta zegoena.
Azkoitiko enpresa batean egin nuen lan elkarrizketan arduradunetako batek esan zidanak ere eman zidan zer pentsatua: "Guk, ahal den heinean, azkoitiarrak nahi dizkiagu enpresan. Kanpoko bat hobea izan zitekek, baina bazekiagu azkoitiarra nolakoa den, nondik joko duen".
Batzuk hiruretan bazkaltzera joatea bezalako sakrilegioak egiten hasiak dira
Neure gogoetetan, ezaugarri horien nondik norakoek eramaten naute aurreko artikulu batean aipatzen nuen herri izaeraren kontura. Azkoitiaren edo azkoitiarren izaera deskribatuko lukeen hitz bat bilatzen saiatu naiz, eta tradizionala da, agian, hobekien definitzen duena.
Begira eliza bera ere. Aurten jaunartze batera joan naiz Beasainera. Biztanleei dagokienez, Azkoitia baino handiagoa da. Ba, Azkoitikoarekin alderatuta, zeharo harritu ninduen hango elizaren txikitasunak eta xumetasunak. Azkoitiko elizaren handitasuna herriak izan duen erlijiosotasunarekin dago lotuta, eta ez dakit, ba, hori ere ez ote dagoen tradizionalismo horri lotuta.
Dena dela, orain gauzak aldatzen ari dira. Norbanako batzuk hiruretan bazkaltzera joatea bezalako sakrilegioak egiten hasiak dira. Kontuak kontu, ezta okurritu ere hozkailuan duzuen dietaren jarraipen taula aldatzea. Ez daukazue zer prestatu pentsatu beharrik ere, guztiak dira abantailak.
Azkoitiartasun esentziaren izenean, ez ahaztu: astelehenean lentejak.