Jesus Guridi konpositorearen Eusko irudiak obra makina bat aldiz interpretatu izan da Baztartxon, Udal Musika Bandaren, Iraurgi abesbatzaren eta Sahatsa dantza taldearen bitartez. Euskal folklorea eta iruditeria islatzen zuen edo duen eszenografia artistikoa. Guridik bat-batean berpiztu eta Azkoititik buelta bat emango balu, agian bere burmuinak gorderik zuen iruditeria hori erabat shockean geldituko litzateke.
Azkoitia koloretsu bat ikusi ahal izango luke. Tonalitate eta kolore ezberdinetako azal eta arropaz josia. Ostiral eguerdi batean Floreagako aldapan edo igogailuan, pakistandar ugari ikusiko lituzke txukun-txukun euren janzkera finekin. Baita eliza atariko zubiko bankuetan solasean ere. Ilunabarrean, bereziki parke estali inguruan, emakume saharar ugari ikusi ahal izango lituzke zapi koloretsuetan bilduta. Eta ume beltzaran asko hara eta ona bizi-bizi jolasean.
Azkoitian etorkinen bilakaera izugarria izaten ari da azkenaldian, eta herritar natiboongan sentimendu kontrajarriak sumatzen ditut. Baikor eta ezkor. Ari al dira integratzen? Umeak eta helduak bereiz genitzake, adibidez. Egun berean zeharo positiboa izan daiteke diagnosia. Ume guztiak nahastuta jolasean, euskaraz. Eta, aldiz, helduak getoetan sakabanatuta.
Herritar natiboongan sentimendu kontrajarriak sumatzen ditut
Gauza guztiak bezala, agian, dena ez da zuria eta beltza. Herrialde ezberdinetako etorkinen artean ere ezberdintasunak daude, noski. Hegoaldeko edo Erdialdeko amerikarrak, gaztelaniaz hitz egiten dutenez, hobeto murgiltzen direla dirudi. Argi dago hizkuntzan dagoela mugarrietako bat. Eta beste bat erlijioan, edo erlijioa ulertzeko moduak sortutako ondorioetan.
Talka garrantzitsu eta ukaezin bat dago. Emakumeen eskubideetan fokalizatuta, nagusiki. Helduetan oso nabaria eta onartezina da gu lantzen joan garen ulergarritasunerako. Helduek honezkero ez dute erremediorik. Baina umeek? Zer gailenduko da? Gurasoek transmititurikoa? Edo bizi diren lekuko errealitate soziala?
Adibidez, aurten bertan ikastolan ikusi nuen irudiak asko eragin zidan. Irudia: Lehen Hezkuntzako ikasleak ilaran. Heren bat baino gehiago etorkinen seme-alabak. Lehenengo aldiz gaua pasatzera joateko eguna. Batzuk urduri, baina gustura badoazelako. Beste batzuk negarrez, ez doazelako. Azken horiek gehienak etorkinak, eta neskak. Hasiera batean faktore ekonomikoa izango zela pentsatu nuen, baina zoritxarrez, bestelako arrazoiak zirela ondorioztatu nuen.
Gure kultura ezin dugu esan hobea edo txarragoa denik, baina gurea da, jendearekin eta denborarekin egokitzen doana, aldakorra.
Egokitu beharra al dute?
Egokituko al dira? "Inshallah" (jainkoak nahi badu?), ez.
Hemen jaiotzen ari diren belaunaldiek izango dute galdera horren erantzuna.