Ni oso tolerantea naiz

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Arakistain 2016ko eka. 28a, 09:10

"Ni ez nago homosexualen kontra, ni tolerantea naiz". Gorroto dudan hitz bat da tolerantzia, esnea edan eta oka egiten ez baduzu esan dezakezu ez diozula intolerantziarik laktosari, arazorik gabe igarotzen dela esnea zure barrunbeetatik inongo albo-kalterik edo ondorio sekulakorik sortu gabe.  Tolerantea denak  toleratzea erabakitzen du, horretarako legitimitatea du, bere jokabide hetero-arauemailea eredugarritzat eta juizio moral guztietatik at dagoenaren ziurtasuna eta boterea du.

Horregatik dut gorroto toleratzeko eskubide dun sentitzen den oro, lagun homosexual bat izateak ilusioa egiten dion oro gorrotatzen dudan modu berean.  “Gure neska taldean mutil gay bat falta zen, zelako ilusioa egiten didan lagun gay bat edukitzeak!” eta lagun gay horren funtzioak aldez aurretik definituak eta mugatuak daude: txutxu-mutxuka ibili, arropa erostera lagundu, musikalak ikusi, dantza egin … Bere egitekoak egin aurretik eginak baleude bezala imaginario kolektiboan eta ondorioz bere nortasuna ere bai, egina.

Gorroto dudan beste zerbait “armairutik atera ” espresioa da. Inor armairuan sartu ezean ez litzateke inor armairutik atera beharko. Behin batek bere graduazioko argazkiaren azpian jarri zuen “noski ongi janzten naizela, urteak pasa ditut armairu batean”. Haurren sexua haurra jaio baino lehen jakin dezakegu eta horren arabera bideratu bere hezkuntza. Agian lau urteko neskei “ba al duzu nobiorik polit hori?” ez bagenien galdetuko edo futbolean ez dabiltzan mutilei “marikoia  al haiz” ez bagenien esango, ba agian inor ez zer armairutik atera beharko. Horregatik norbaitek esaten didanean “ez dakit etxean bisexuala/homosexuala naizela esan edo ez” nire erantzuna da: “nahi baduzu esan eta gero segidan bota datu ez esanguratsu bat, adibidez nire kolore gustukoena … da”.  Azken batean, zure orientazio sexuala etiketatzeko eta komentatzeko beharra sentitzen baduzu ba aurrera, ni ere bisibilizatzearen alde. Baina hala ere ez zait “orientazio sexuala” terminoa gustatzen . Modernoa izan nahian: “zein da zure orientazio sexuala?” galdetzen duenari edo mutil bati neskak gustatzen zaizkiola aurreikusiz  komentario bat egitean ari denari “baina ez dakigu zein den bere orientazio sexuala” esanez mozten dionari, desorientatua nagoela erantzungo nioke.

Terminoak eta etiketak asmatzea erraza da: queer, bisexual, pansexual, homosexual, heterosexual … eta nire galdera da, zer behar dago horretarako? Bakoitzari gustatzen zaiona gustatuko zaio eta kito. Gaur hau bihar agian beste hori, agian neska izango da agian mutila, agian maskulinoa edo erdi femeninoa, agian ilea luzea edo motza izango du eta zer? Esan dudan guztiarekin oso queer eta pansexual sonatuko dut.  “El estar frente al ser, formas de estar en el mundo”  . Queer mugimenduak esaten du gure orientazio sexuala ez dela finkoa eta honek ez gaituela pertsona bezala definitzen, munduan egoteko modu bat dela (gaur hemen honekin eta bihar agian han harekin esanez bezala), beraz queer mugimenduaren alde nagoela esan nezake baina nahiago hala ere desorientatu sexuala terminoa erabiltzea. Ez soilik neuk asmatu dudan termino bat  delako, baizik eta etiketa bat gehiago bihurtu delako Queer izatea, Miley Cyrus ere Queer da eta bejon diola.

Asko esan dut baina hala ere ez dut ezer esan nire gustuei buruz eta hau irakurri duena hor ariko da pentsatzen,  ba hau idatzi duena ez da heterosexuala orduan?  Edo bai? Eta gorroto ditudan gauzei beste bat gehitzen dio interpretazio saiakera horrek. Gauza ez da praktikan nor gustatzen zaidan edo norekin ditudan erlazio afektibo-sexualak edo dena delakoak, gauza da hetero-arauak ordezkatua izatearen aurka nagoela. Zergatik? Ba esan bezala toleratzeko eskubidez sentitzen den boteredun talde horren kontra nagoelako eta deklarazio hau guztiz da politikoa. Beraz irakurle uler dezazun, toleratzea norbaiti bizia barkatzearen antzeko egia dela nire gusturako.

Esandako dena digeritzeko denbora hartu duenari eta orduan orain zer? Bere buruari galdetzen dionari, soilik esango nioke: orain ezer ez, ez nekatu pentsatzen horrek pluma duelako homosexuala al den, ez nekatu pentsatzen ile motza duen neska marimutila den, ez nekatu pentsatzen zure seme-alaba gay bada zer egin beharko duzun eta orokorrean ez nekatu pentsatzen, etiketatzen eta toleratzen.

Gorde indarrak bisibilizatzeko eta aldarrikatzeko, gaur ekainak 28 sexu askapenaren eguna da!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide