Urtarrilaren 25ean, On Bosco Astearen hasieran, Alvaro Neil, “Biciclown”, izan genuen DBHko ikasleei hitz egiten. Alvarok munduari bira eman dio bizikletan, 14 urte eta 200.000 kilometroko bidean. Oso interesagarria izan zen bere bideoa ikusi eta bere hausnarketa zuzenean entzutea.
26an gure artean izan genuen Sergio Gómez. Gaixotasun arraroen ikerketarako diru bilketa egiten aritu da urte luzez, tapoiak biltzen. Orain Azpeititik Erromako Batikanora bizikletan joango da martxoaren 1etik 22rainoko bidaian. Sentsibilizazio bikaina egin zigun, LHko ikasle eta irakasleoi.
27an On Boscoren omenezko afari ederra egin genuen Joseba Jatetxean. 35 lagun elkartu ginen.
28an Ikasle Ohien Batasunaren festa izan genuen. Meza izan zen Floreagan eguerdian, Alai Batzako koroa kantari. Ondoren, talde argazkia eta bazkaria bikaina izan ziren Hotel Loiolan.
29an DBHkoentzat Bertso saio bikaina eskaini ziguten Aitor Sarriegi eta Alaia Martinek. Asko gozatu genuen Don Bosco aretoan. Bi bertsolariak ia isildu gabe aritu ziren ordubete pasa. Ondo moldatu ziren ikasle gazteen egoerara.
30ean Jokin Linaza etorri zen goizean. Udan Kolonbian egon zen boluntario, Medellineko Ciudad On Boscon. Bere esperientzia partakatu zuen gurekin, eta gu ere mundu hobe baten alde aritzera gonbidatu gintuen, ahal dugun neurrian.
Arratsaldean, Txan Magoa izan zen Baztartxo udal aretoan. Haur Hezkuntzako 3 urteko umeetatik hasi eta LH 6ko neska eta mutilek Baztartxo ia bete zuten, Txanen magiaz eta umoreaz gozatzeko. Ikuskizun bikaina izan zen.
31n, On Bosco egunean, eskolara etorri dira ikasleak, baina ez klase normalak edukitzera. Goizean elizkizunak izan dira. Egunean zehar, berriz, pelikulak eta txapelketak. Astea zehar jokatu den Urola eta Kakute taldeen arteko norgehiagokak egun honetan izaten du garailea. Festa handiak antolatu ditugu, On Bosco santuaren jaia handikiro ospatzeko. Zorionak guztioi!!