Ekimen hori aurrera eramateko jende askoren laguntza izan dugu: Azkoitiko hainbat harakin eta okinek euren jeneroa eman digute musutruk (Bittor, Iñigo Agirre, Traki, Zumardi, Otzarreta, Landakanda, Beheko Okindegia). Elkarteek ere laguntza handia eman digute (Ardatz, Txuri Urdin, Martitte, Plaza Berri, Hiru Iturri, Izkitturri, Xoxote, Errebaleko Txokoa, Iraurgi, Beti Poz, Abiola). Hainbat tabernarik ere edaria edota pintxoak eman dizkigute dohan (Bar Alejandro, Arkupe, Batzokia, Orbela, Zurt, Latz, Dean, San Agustin). Gainera hainbat dendarik ere euren babesa eman digute (FK, Ameztoi, Berastegi Baserria – Xoxote gazta, Itziar).
Eta ezin ahaztu familia askok etxean prestatutako pintxo eta postreak ekarri zituztela musutruk. Kontua da barra inoiz baino hornituagoa egon zela: pintxo ugari, aukera handia eta kalitate bikaina.
Bestalde, jende askok euren opariak eskaini zituzten bigarren eskuko dendan saltzeko. Gainera, GG taldeko gaztetxo ugari aritu zen barran zerbitzatzen, dendan saltzen, zozketako bileteak saltzen… Jende ugari etorri zen pintxo eta trago ederrak dastatzera eta beraien laguntza ekonomikoa ematera. Denentzat gure esker ona!
2.400 euro jaso dira eta Beninera bidaliko dira. Bestalde zozketako azken bileteak ere saldu dira. Saria azaroaren 2ko ONCE zenbakiarekin emango da. Azkoitiko Udalaren laguntza ere nabarmendu nahi dugu.
GG taldekoen izenean, mila esker parte hartzaile eta laguntzaile guztiei. Eskerrik asko!