Ongi etorrizko hitzen ondoren, Kikek eta Reyesek aurkezpen labur bana egin dute. Kike filologoa da, eta umorearen bidetik sartu zen telebistaren munduan, pailazo gisa hasi ondoren. Reyes kazetaria da, Sevillan jaio, hazi eta ikasia; orain 10 urte inguru etorri zen Euskadira, telebista munduan lan egitera eta hemen gelditu da, beste medio batzuetan ere tartean lana egin arren. Euskal Telebistan sentitzen da gustura. Orain bi urte eta erdi, euskara ikastea erabaki zuen, hemengo kulturan bizitzeko euskararen premia sentitzen duelako, eta programa batzuk euskaraz aurkeztera iritsi da. Eredu ederra da: euskara ikas daitekeela, ahaleginduz gero.
Berehala sortu da telebistako programen "kalitatea"ri buruzko eztabaida. Kikek azaldu duen bezala, gure erronka nagusia ez da "kalitatea",- agian elite batentzat programak egitea -, baizik eta "kantitatea", hots, nola iritsi jende gehiagorengana, oso aldakorra den giro kultural berrian.
Kikek eta Reyesek adierazi dutenez, guk telebista publiko ona behar dugu, eta "publikoa" duena, hau da, kontsumitzaile edo ikusle ugari. Une honetan garbi dago jauzi bat eman behar dugula: Komunikabideak ahul eta krisi aldian daudenean, euskara lehenetsi behar dugu, pakto sozial zabal baten babespean.
Orain urte batzuk, aukera ona izan zen ETB1 eta ETB2 bi kate bihurtzea eta ETB1 euskaraz izatea. Lan handia egin da euskararen normalizazioan. Azken urteetan asko irabazi dugu profesionaltasunean eta erreferentzia historiko eta pertsonal asko ditugu orain euskarazko telebistan. Baina egia da, baita ere, gure baliabideak mugatuak direla, alor batzuetan murriztu egin dira azken urteetan, eta batzuetan gaztelaniazko kateak indar gehiago duela euskarazkoak baino. Euskarazko publikoa milioi bat pertsonak osatzen dugu. ETB2rena, bi milioi baino gehiago dira. Eta jarraitzaile milioi asko dituzten beste kateetekin dugu konpetentzia. Gure programetan asmatzea zaila eta garrantzitsua da.
Audientziak presio handia sortzen du telebistan eta programak kentzea ekar dezake eta lan postuak arriskuan egotea. Ondo birpentsatu beharko genuke zer eskaintzen dugun, euskaldun gazte eta heldu askok beste telebistak eta beste hizkuntzetan dauden serieak ikusten dituztelako. Asmatu egin behar, konpetenteak izan gaitezkeen formatuak aukeratuz, adibidez formatu eskandinabiarrak, “Herri txiki, infernu handi”ren antzekoak. Telebistak erakargarria eta entretenigarria izan behar du, bestela jendeak segituan aldatzen du kanalez.
Etorkizunaren gaiari heldurik, Reyesek eta Kikek gure tokia aurkitu beharraren garrantzia azpimarratu dute, kultur egoera berrian, gure ikusleen kopuru potentziala kontuan hartuz,… garrantzitsua izango da lehentasunak ondo finkatzea, euskara lehenestea eta geure horretan, lanean ilusioz jarraitzea.
Elkarrizketaren amaieran, galderak eta iritziak azaltzeko aukera izan dugu. Jarraian, Kultur Jardunaldietan parte hartu duten erakunde eta pertsona guztiei eskerrak eman zaizkie eta, aurtengoz, Jardunaldien amaiera iritsi da.
Ondoren Kike eta Reyesi autografoak eta argazkiak eskatzeko unea ere izan dugu.