Euskal Herriko historia eta historiografiari buruz zertxobait gehiago jakin nahi zuenarentzako parada izango zela agintzen zuen kartelak, eta izan zen, bai, horretarako tarterik. Zazpi ikerlari independentek gure historiaren gainean egindako azterlanak eman zituzten ezagutzera. Alabaina, ez zen azterlan interesgarri horiek ezagutzera soilik mugatu egun hartako ekarpena, bertan entzun eta ikusitakoak hainbat gogoetatarako sorburu paregabe ari baitira suertatzen. Gaur, idatzi honekin, gogoeta horietako bat saiatuko naiz zuekin partekatzen: egiaren eta errealitatearen arteko dikotomia, eta horrek gure bizitzan dituen eraginak.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, egia “denarekin, izan denarekin edo izango denarekin bat datorren gauza” da, “baliorik gorena ematen zaion jakitea; arrazoiaren arabera ezin uka daitekeen esaldia”. Errealitatea, bestalde, “egiaz existitzen denaren nolakotasuna” da; “egiazko diren egitate eta izakien multzoa”. Ni ez naiz hizkuntzalaria, eta, egia esan, kontzeptuen idatzizko definizioetan galdu ere egiten naiz maiz. Hala eta guztiz, egia bakar bat osatzen duten milaka errealitate ezberdin egon daitezkeela iruditzen zait. Izan ere, gutako bakoitzak errealitatearen geure ikuspegia sortzen dugu, eta egia osoa izango balitz bezala zabaltzen. Benetako jakite goren hori, benetako azken egia hori, mila pusketatan hautsitako ispilu baten antzekoa izango litzateke, eta, sarritan, egia oso horren zenbait atal txikirekin baino ez gara geratzen.
Arrazoi bat edo beste dela medio, azken egia osoa bere horretan bilatzea lan nekeza dela esango nuke. Izan genezakeen jakin-minaren eta bila ari garen egia horren artean zenbat eta bitartekari gehiago izan, orduan eta nekezagoa da egia osoa bilatzea. Izan ere, bere egia pusketa kontatzen duen orok, maila handiagoan edo apalagoan, bere ideologia, sentipen, sentsazio, uste, aurreiritzi eta asmoak baliatuko ditu egia partikular horri forma emateko. Geure baitan dugun akats edo bertutea, zientzialari onenek ere nekez albora dezaketen aldagaia. Ildo horretan, Stefano Palminterik PLOS Computational Biology zientzia aldizkarian argitaratutako artikuluaren arabera, aurreiritziek uste dena baino pisu handiagoa dute. Hainbestekoa, non gure arrazionaltasuna nahasteko indarra baitute, gertakari erreal eta zehatzak kontuan ez hartzerainokoa.
Gehienetan, edo hala sinetsi nahiko nuke behintzat, hori inkontzienteki gertatuko da, bizi izan dugun testuinguruak geure baitan errotutako ideia eta pentsamoldeak hala baldintzaturik. Horrek larunbatean zeharo arduratuta utzi ninduen puntu batera narama bueltan. Historia irabazleek beraien nahierara moldatzen duten zerbait dela jakina da, baina larunbatera arte ez dut hori sekula hain garbi ikusi. Han entzundakoak ikaragarriak iruditu zitzaizkidan, eta, atzean izan daitezkeen arrazoiak beti bila daitezkeen arren, oraingo honetan egoera alarma guztiak piztekoa bezain larria dela esango nuke. Herriak berez eskura izan beharko lituzkeen bideetatik, euskaldunok zail dugu geure historiaren berri garden eta oso bat lortzen. Eginda ematen dutenetik soilik edanda, nekez izango dugu osatzen dugun herri honen benetako historiaren argazki oso eta fidagarri bat. Beraz, nahiz eta ez lukeen horrela izan behar, gai hauetan ere kritiko izan beharra dugu, bakoitzak ahal duen neurrian bere burua janzten jarraituz, ahalik eta ispilu pusketa gehienak bildu arte.