Euskal zinemagintzaz

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Etxezarreta 2016ko mar. 9a, 08:43

Euskal zinemagintza bere garai onenean aurkitzen dela esan dezakegu. Alde batetik, Loreak filmaren fenomenoa eta, bestetik, estreinatu berri den Asier Altunaren bakarkako lehen film luzea den Amama-ren arrakasta. Egunotan bizi dugun eztanda honek joan den Donostiako zinemaldiaren 63. edizioan bizi izan nuen pasarte bat dakarkit gogora.

Sanctuaire filmaren estreinaldian izan zen hain zuzen ere. Frantses jatorriko ekoizpen horrek 80ko hamarkadako euskal gatazka du hizpide. Zinemaldian ohikoa den bezala, emanaldiaren amaieran zuzendariarekin eta aktoreekin hitz egiteko aukera izan zuten ikusleek. Film horrek jorratzen duen gaiari buruzko euskal jatorriko film asko egin direla kontuan hartuta, ikusleetako batek horien inguruan dokumentatu al zen galdetu zion zuzendariari. Frantseserako itzulpenaren ondoren, zuzendariak honako hau eran-tzun zuen: “Batzuk ikusi ditut, baina oro har oso film txarrak dira”. Aretoa isiltasunean murgildu zen berehala, filma grinaz ikusten egon zirenek elkarri begiratzen zioten eta beraien aurpegiek harridura eta haserrea adierazten zuten. Pertsonalki, zuzendariak esandakoarekin ados egon nintekeen; hala ere, berarekiko gorroto puntu bat piztu 

zitzaidala sentitu nuen, zer arraio gertatu ote zitzaidan?

Euskaraz ekoiztutako kultur sorkuntza eta ekintzak euskaldunon identitate eta izaeraren adierazle dira, eta existitzen da berauek kontsumitzera bultzatzen gaituen militantzia inkontziente delako bat. Gaur egungo munduaren logikari jarraituz, ikus-entzunezko ekoizpenek dute hegemonia eta euskaldunok trumilka joan ohi gara horrelakoetara, zinemara adibidez.

Olivier Masset-Depasse zuzendari frantziarrak euskal zinemagintzari buruz esandakoari men eginez, aipatu berri dudan militantzia hori itsu-itsukoa izateaz gain euskal zinemazalea kalitate txarraren jarraitzailea dela esatera ausar gaitezke, ezta? Bada, guztiz kontrakoa: 2014ko Loreak filma Oscar sarietarako espainiar hautagaia da, gure zinemagintzaren kalitatearen errekonozimendutzat. Izendapen horrek, film hori saritzeaz gain, euskal zinemagintzak izan duen ibilbidea ere saritzen du, gaur egungo mailara iritsi ahal izateko lan handia egin izan baita hamarkadetan zehar.

Beraz, euskalgintzaren militante, ez dezagun gure filmen kalitatea gutxietsi eta jarrai dezagun zinema aretoak bete eta gure zinemagintza babesten, historiak arrazoia emango baitigu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide