Gure izaerari, gure nortasunari, eragina egiten diote planeta osoa astintzen duten aldaketaolatuek. Joerak geureganatu ditugu, bai eta kulturak, ideiak eta jokaerak ere, baina oinarrizkoenari eusten diogu: gure sustraiak, gure hizkuntza propioa, gure ondare kulturala eta nazio gisa ezaugarritzen gaituen nortasun politikoa. Ez baikara beste barik egonean geratu den Herria. Bizi izan den eta bizi den Herria gara. Eta, hor dago gako nagusia: Aberria bizi egiten da. Aberria Bizi. Kolektibo baten parte izatearen harrotasunetik bizi da, eta askatasun nazionalerako bidean partekatutako konpromisotik defendatzen da.
Gure Herriak bizirauten jakin izan du, neurri handi batean, euskal emakume eta gizonen nortasunari esker. Garenari eusten diogulako, gure nortasunari eta gure Herriari. Eta proiektu politiko hau defendatu eta eraiki dutenen lekukoa hartuz, belaunaldiz belaunaldi: Euskadi, euskal herritarren aberri bakarra, euskal herritarrentzat egina. Hitz soiletan oinarritu ez den proiektua, egiteko modu batean baizik, garen hori komunitatean bizitzen jakitean. Zailtasunean garatutako proiektua, garena izateari inoiz uko egin ez dioten belaunaldiek sostengatua. Gure historiako unerik ilunenetan ere aurre egiten jakin duen proiektu politikoa, aldaketa sozialetara etengabe egokitzen dena, beti pertsonak zainduz.

Aurten euskal foruen abolizioaren 150. urteurrena betetzen da. Erreakzio gisa sortu zen foruzaletasunari Sabino Aranak euskal kausari eman zion legamia nazionala falta zitzaion. Foruen existentzia, askatasunez eta demokratikoki adierazitako borondatearekin batera, Estatuarekiko harremanetarako Estatus Politiko berria lortzeko oinarri legitimatzaile historikoa dela uste dugu, Jose Antonio Agirrek egiten zuen analisiarekin bat gatozelako: "Foruaren funtsa ez dago bere existentziaren historian, baizik eta askatasuna dakarrela berekin, autodeterminazioa denbora guztian forua ez baita lege jakin bat, baizik eta herriak bere modalitate demokratikoaren arabera bozkatzen duen oro".
Duela 94 urte, 1932an, euskal abertzaletasuna Bilboko kaleetara atera zen Pazko igande batez. Euskal Aberria aldarrikatzeko manifestazio baketsua eta jendetsua izan zen hura. Lehen Aberri Eguna. Urte bete geroago, Euskal Aberriaren Eguna “Euzkadi – Europa” goiburupean egin zen, Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz. Pertsona haiek ez zuten soilik ideia bat defendatzen. Ideia hura sentitu egiten zuten. Euskal Aberria kalean bizi zuten, komunitatean, konpromisoarekin. Ez zuten existitzeko baimenik eskatzen: beren herri izaera Europako gainerako herrien eskubide berdinetan baieztatzen zuten.
Lau urte geroago, duela 90 urte, altxamendu frankista gertatu zen, eta gerra betean lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen. Garai ilun hartan, dena hondatzen ari zela zirudienean, Euskal Herriak aurre egitea erabaki zuen. Gudariek batzokietan ematen zuten izena, beren bizitza baino zerbait handiagoa defendatzen duela dakienaren lasaitasunarekin, eta ikurrina eusten zuten faxismoaren aurrean. Askatasunaren, duintasunaren eta herri oso baten etorkizunaren alde borrokatzen ziren. Eta ondare horrek, gaur egun, behartu egiten gaitu.
Gaur, atzo bezala, ezinbesteko zeregina dugu oraindik ere: totalitarismoari bere forma guztietan aurre egitea. Anbiguotasunik gabe, distantziakidetasunik gabe. Memoriatik eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromiso demokratikotik egiten dugu. Hala egin zuen Agirrek, defendatuz demokrazia inposaketaren aurrean, askatasuna autoritarismoaren aurrean eta duintasuna ukatu nahi digutenen aurrean.
Jose Antonio Agirre Lehendakariaren heriotzaren 66. urteurrena bete dela, aurtengoa aukera ona da Agirre Dotrina gogora ekartzeko eta aldarrikatzeko, Euskadi askearen ideia banderatzat altxatzen zuelako nazioek osatuko zuten Europa batu eta federal baten barruan, Europako estatus gaindiko erakunde horrek euskal nazio aldarrikapenari erantzuna emango ziola sinetsita. Ez harresiz eta botere-orekaz osatutako Europa, baizik eta bere herrien gainean eraikitako komunitate politikoa. Bizi zuen garairako, ikuskera aurreratua izan zen, ideia batean oinarrituta: Euskadi ezin zen bizitzera mugatu, munduan izan behar zituelako ahotsa, presentzia eta bizitza propioa. Eta bultzada horrek, gure txosten berrian jasotakoak, gida izaten jarraitzen du: "Europar integrazio horren baitan, Euskal Herriari dagozkion eskubide historikoen arabera subiranotasuna aitortu eta erabat gauzatzeko prozedurak ezartzea".
Planetak bere ibilbideari darraio, abiada bizian, eta Europar Batasuna osatzen duten Estatuak ez omen dira ohartu bidean datorkigun mehatxuaz. Donald Trump 2017an AEBko presidentetzara iritsi zenez geroztik, egoera globala are gatazkatsuago bilakatu da, ziurgabetasuna eta potentzien arteko lehia nagusituz. Dena ez zen berarekin hasi, baina joerak bizkortu dira, denak oso arriskutsuak. Munduko ordenak, guk ezagutzen genuen bezala, eztanda egin du. Mendebaldeko lidergo koordinatuan zegoen konfiantza higatu da, eta horrek atea zabaldu du beste potentziek beren eragiteko gaitasuna handi dezaten. Munduko potentziarik handienak bat batean norabide aldaketa egiten duenean, nazioarteko sistema osoa aldabera bihurtzen da. Ziurtasunak galtzen ari den mundu batean, taupada bizia duten herriek baino ezin izango diote beren norabideari eutsi, beren hiritargoa gidatu eta inguru fidagarri bihurtu.
Horregatik, gaur, inoizko garrantzirik handiena hartu du Euskadi gehiago izateak. Herri gehiago eta Nazio gehiago. Osatzen dugun komunitateari buruzko kontzientzia politiko handiagoa izatea. Askatasun, demokrazia, justizia sozial, bake eta berdintasun balioen gainean eraiki den Euskadi. Europari begiratzen dion Euskadi, jakin dakielako bere etorkizuna Europa berrindartu batean dagoela, bere ahots propioarekin, indarrarekin eta potentzien artean bitartekaritza egiteko gaitasunarekin, munduko bake eta aurrerabidearen aldeko eragileetako bat izanik. Izatera mugatzen ez den Euskadi, egiten eta erabakitzen duelako, aurrerago doalako Estatuen klub bat izatera mugatu behar ez den Europa batean, baizik eta beren herri eta nazioetatik eraikitako komunitate politiko handi bat izatera, eta errespetatu egin behar da etorkizun politikoa askatasun- eta berdintasun-maila batean erabakitzeko duten eskubidea.
Taupada bizia duen Euskadi. Euskadi fidagarria. Etorkizuna espero ez duen Euskadi: eraikitzen duena.
Eta Euskadi hori lurraldea baino gehiago da, izena baino gehiago da. Bizirik dagoen Euskadi da. Bertan bizi eta gure izate hau sentitzen duen pertsona bakoitzaren taupadan dago, dagoen tokian dagoela. Herri bizia, denboraren gorabeherak gainditu dituen hizkuntza zaharrarekin. Herri bat, bere burua gobernatzen duena, demokrazian eta erakunde propioen bidez ongizatea sortzeko, gero eta autogobernu gehiago aldarrikatzen duena bere herritarren bizi baldintzak hobetzen jarraitzeko. Aberri bizia, egun bakoitzean bizi dena. Aberria Bizi.
Eta, Aberri bat da dagozkion eskubideak lortzeko bidean urratsak ematen jarraitzen duena, Euskadi osatzen duten zazpi lurraldeentzat egonkortasuna ekarriko duen batasun proiektua helburu duena. Gure asmoa da, beraz, betidanik defendatu izan duguna lortzea: Herri honen nazio aitortza, eta nazioarteko elkarlanezko eta errespetuzko esparru komunean integratuta egotea, bidean datozkigun erronka erraldoiei aurre egin ahal izateko. Etorkizuna ez baita aldarrikatzen; bizi egiten da. Bere identitate propioa bizi duen herriak baino ez du izango munduan dagokion tokia eraikitzeko ahalmena.
Gure borondatea eta asmoa da euskal nortasunari eustea, bizirik. Iraganean bezala, orain aldian nortasun hori oinarri dituen ezaugarriei eustea, Aberri bereizi gisa dugun nortasunari.
Euskadi bizi dugulako, Euskadi bizi da. Eta, bizi delako, Euskadik etorkizuna du. Aberria Bizi!
Gora Euskadi askatuta!
EAJen Euzkadi Buru Batzarra